Torturaren Aurkako Eguna da gaur

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 13a, 06:00
Torturaren gaineko erakusketan zintzilikatutako argazkietako bat.
Otsailaren 13a, Torturaren Kontrako Eguna da gaur, eta bi ekintza antolatu dituzte Oñatin arratsalderako: 18:00etan, 'Barruko Arrastuak' dokumentala emango dute kultura etxeko erakusketa aretoan; eta 19:30ean, Torturaren kontrako bilkura egongo dute Bidaurretan, herritar talde batek deituta.

Oñatiko Euskal Memoria taldeak egin du gaur proiektatuko duten Barruko Arrastuak dokumentala; torturatuak izan direnen testigantzak jaso ditu bertan.

Euskal Memoria taldekoek 2011ean ekin zioten datu bilketari eta, Oñatin zein Euskal Herriko beste hainbat herritan egindako bilketari esker, 2012ko abenduan Durangon egin zen Azokan Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburua aurkeztu zuten. "Bertan, tortura Euskal Herri osoan zabaldu den praktika dela argi gelditu zen", adierazi dute; 9.633 eta 11.633 torturatu inguru egon direla kalkulatzen dute.

Urrats bat harago

Oñatin zituzten datuekin, bertako Euskal Memoriako kideek urrats bat haratago joatea erabaki zuten. Hala, batu zituzten testigantzetako batzuekin dokumental bat egitera erabaki zuten eta hainbat hilabetetako lanaren ostean, Barruko Arrastuak izeneko dokumentala aurkeztu zuten iazko irailean. Jende ugari bildu zen aurkezpenean eta batzuek eskaileretan eserita edo zutik ikusi behar izan zuten dokumentala. Gaur izango da beste aukera bat, kultura etxeko erakusketa aretoan, 18:00etan.

Erakusketa ikusteko azken eguna

Gaurkoa izango da, era berean, Oñatiko kultura etxean jarri duten torturaren gaineko erakusketa bisitatzeko azken eguna. Herriko Euskal Memoria taldeak antolatuta, torturaren gaineko datuak, argazkiak eta irudikapenak ikus daitezke. "Izan ere, etorkizuna eraikitzeko, beharrezkoa da iragana ezagutzea. Eta tortura, gure herrian, errealitate izan da eta da", adierazi dute taldetik. Bildutako datuen arabera, Oñatin 168 lagun izan dira inoiz atxilotuak, eta horietatik 72k jasan dituzte torturak.

Atzo arratsaldean, bestalde, Oñatiko Euskal Memoria Taldeak berak egindako torturari buruzko ikus-entzunezkoa estreinatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak