Kimioterapia emateko robot bat egin du Aretxabaletako Kiro Robotics enpresak

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 24a, 14:42
'Kiro Oncology' robotarekin lanean.
Kimioterapia dosiak “zehaztapen eta segurtasun handiagoz” ematea ahalbidetzen du. Une honetan, proba fasean dago Donostiako Onkologikoan; pasa den azarotik dihardute robot horren bitartez prestatutako dosiak gaixoei ematen.

Kiro Robotics enpresa aretxabaletarra Mondragon Korporaziokoa da eta taldeko hiru enpresak parte hartu dute Kiro Oncology deitu duten robotaren diseinuaren garapenean eta sorkuntzan. Bi urte eman dituzte egiteko horietan eta beste urte t’erdi probetan; 2012ko ekainean egin zituzten lehen probak eta 2013ko azaroan egin zuten jauzia modu horretan prestatutako dosiak gaixoengana heltzeko. Orotara, sei milioi euro inguruko inbertsioa suposatu du proiektuak.

Goizean Donostian egindako aurkezpenean, gaixoei, banan-banan, bakoitzari dagokion kimioterapia dosia ematearen "zailtasuna" azpimarratu dute espezialistek, euren artean ezberdinak direlako eta arriskua dakartelako manipulatzen dituztenentzako, duten toxikotasunagatik. Ildo horretatik, azpimarratu dute Kiro Oncology-k onkologoak prestatu gura duen dosia "zehaztapen, segurtasun eta trazabilitate handiagoz" prestatzea ahalbidetzen duela eta ostean botikari batek berrikusten duela "baldintza esteriletan". Robotak bost eta hamabost dosi bitartean prestatu ditzake ordubetean, duten zailtasunaren arabera.

"Proiektu konplexua eta anbizio handikoa da", Kiro Robotics-eko zuzendari nagusi Borja Lizariren hitzetan, eta merkatuan dagoen gisa horretako lehen robota ez izan arren, "funtsezko hobekuntzak" suposatzen dituela gehitu du.

Donostiatik Bartzelonara

Borja Lizarik adierazi duenez,  pare bat urte iraungo ditu proba pilotuak eta, behin hori bukatutakoan, nazioarteko komertzializazioari ekingo diote. Horren harira, azaldu du astero jasotzen dituztela AEBetako, Erresuma Batuko edota Frantziako ospitaletatik bisitak, Kiro Oncology robotean interesatuta.

Momentuz, Kataluniako bi ospitaletan jarriko dute fase pilotuan: Bartzelonako Clinic eta Vall d'Ebron-en, hain zuzen.

Lanpostu berriak

Kiro Robotics-eko zuzendari nagusiak berri eman duenez, ehun bat lanpostu zuzen eta zeharkako beste hainbeste sortzea ekarriko du proiektuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak