Euskadiko Artxibo Historikoa inauguratu dute Bilbon

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 23a, 14:07
Hainbat ordezkari poltikok esku hartu dute Euskadiko Artxibo Historikoaren inaugurazio ekitaldian.
Iñigo Urkullu lehendakariak goizean inauguratu du “Euskadiren kultura ondarea zaintzea eta zabaltzea” helburu duen artxiboa. Bergarako artxiboa da bere oinarrietako bat: Bilboko egoitzara eraman dituzte Errekalde jauregian egon diren 20 metro dokumentu. Errekalden, Bergarako proiektu museologikoari egingo dio lekua orain.

"Gaur egun hitzetik hortzera dabil memoriaren gaia, eta artxiboa, hain zuzen, memoriaren tokia da; orain memoria hori erreskatatu, ezagutu, ikertu eta zabaldu behar da", adierazi du lehendakariak. Espazio irekia da artxiboa, bere hitzetan.

Bilboren erdigunean dago eraikina eta 11 solairu ditu –lau lur azpian–, baliabide aurreratuenez hornitutakoak.

Artxiboak, oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Historikotik (1936-1979) jasotako dokumentu-funtsak ditu barnean, baita zenbait familia, norbanako eta gizarte mugimenduren artxibo-funtsak ere, eta azken hamarkadetan sortutako dokumentu historikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako zerbitzuetatik datozen funtsak ere jasoko ditu apurka-apurka aurrerantzean.

Bergaratik Bilbora

Bergarako Irargi Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa da Bilbon inauguratu duten Euskadiko Artxibo Historikoaren oinarrietako bat: Bilboko egoitzara eraman dituzte Bergarako Errekalde jauregian egon diren 20 metro dokumentu.

Errekalden, museoa

Dokumentuak Bilbora eramanda, Bergarako Udalak eraikina berreskuratu du, eta Bergarako proiektu museologikoari egingo dio lekua bertan. Laboratorium. Zientzia, ondare eta gizarte topagunea izena izango du eta behin-behinekoz kokatuko da Errekaldeko jauregian. Izan ere, Errege Seminarioa da kokapen logikoa, Turismo eta Ondare batzordeburu Juanje Amasorrainen hitzetan.

Asmoa da Aste Santurako Turismo Bulegoa bertan egotea eta museoa Gabon inguruan zabaltzea. Ondare historikoaren saila ere izango da eraikinean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak