Mondragonek Fagor Etxetresnetako 417 bazkide birkokatu ditu dagoeneko

Imanol Gallego 2013ko abe. 20a, 12:54
Datorren sei hilabetean beste 400 birkokapen burutuko dira Taldeko kooperatibetan. Jarraian korporazioaren prentsa oharra.

"Gaur-gaurkoz, Fagor Etxetresnetako 417 bazkide MONDRAGON Korporazioaren beste kooperatiba batzuetan ari dira lanean dagoeneko. Horrenbestez, Korporazioak enpleguarekin duen konpromiso irmoa gauzatzen ari da, Fagor Etxetresnen konkurtso aurrekoa deklaratu zenetik bi hilabete doi pasatu direnean dagoeneko 417 bazkide birkokatzea lortu baita.

Halaber, taldeko kooperatibek Fagor Etxetresnen krisiaren ondorioz enpleguan gertatutako soberakinei lanpostuak eskaini eta irtenbidea eman duten erantzun aparta ikusita, batez ere Industria Arloan, datorren sei hilabetean 400 birkokapen gehiago egin daitezkeela azaltzen duen plan bat zehazten ari dira.

Lagun-Aro EPSVren Batzarra

Horrez gain, datorren abenduaren 27an Lagun-Aro EPSVren Batzar Nagusia elkartuko da; bertan, entitateko Kontseilu Errektoreak Enplegu Laguntzarako prestazioaren kuota igotzea planteatuko du, baita 55 urtetik aurrera erretiro aurreratua eskuratzea sustatuko duten neurriak hartzea ere, konkurtso prozesuetan sartuta dauden enpresetarako. Erretiro aurreratua hartzeko aukera duen Fagor Etxetresnetako bazkideen kolektiboan 300 pertsona inguru daude.

Korporazioak, horrenbestez, kooperatiben arteko elkartasunean oinarritutako erantzuna eman nahi dio enpleguaren arazoari, birkokapenen eta aurretiko erretiroen bitartez, eta, horrela, datozen hilabeteetan 1.000-1.200 pertsona inguruko kolektibo bati irtenbidea eskaintzeko helburua bete.

Kudeaketa koordinatua

MONDRAGON Korporazioa buru-belarri ari da lan egiten, Lagun-Aro EPSVren, Enplegu Bulego Korporatiboaren, Fagor Etxetresnen eta gainerako kooperatiben bitartez koordinatuta. Gaur egun hainbat aukera baloratzen ari dira, bai aldi baterakoak bai behin betikoak, Fagor Etxetresnen krisiaren ondorioz soberan geratu den enplegua betetzeko aukerak sortzen laguntzeko.

Iraganak abalatzen du Korporazioak enplegua sortzeari dagokionez egindako bidea, eta bertan integratutako dibisio guztiek gaur egun ere ildo horretan jarraitzen dute. Gure kooperatibak askotariko sektore eta merkatuetan daude presente, eta hori bermea da epe ertain edo luzerako etorkizunean jarduera berriak eta, ondorioz, enplegu aukera berriak sortzen jarraituko dutela pentsatzeko. Gure negozioak beren merkatuetan lehiakorrak izatea berez albiste ona izaten da beti, eta are gehiago oraingo egoeran, Fagor Etxetresnetan soberan geratu den enpleguari irtenbidea emateko aukerak eskainiko direlako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak