Herritarrak zorionduz hasi zuen hitzaldia Ainhoa Intxaurrandietak atzo iluntzean Oñatiko Santa Ana antzokian. "Mankomunitate guztietara heltzen saiatu gara eta Mankomunitate honetan urrats garrantzitsuak Oñatik eman ditu. Herri potentea da. Horregatik iruditu zaigu Oñatira etorri behar izan dugula azalpenak ematera".
Intxaurrandietak errauskailuaren ondorio ekonomiko eta ekologikoaz jardun zuen, baita osasunean dituen ondorioez ere. "Gure osasunarekin ezin du inork jolastu. Errauskailua oso arriskutsua zen osasunarentzat (mikro-partikulak, partikula toxikoak...). Gainera, konomikoki gipuzkoar guztiontzako izugarrizko galerak ekarriko lituzke eta ingurumena oso kaltetuta irtengo litzateke. Beraz, behar-beharrezkoa zen urrats hau ematea". Intxaurrandietak adierazi zuen herritarrei zuzenean azaldu nahi zizkietela errauskailua ez egitearen arrazoiak. Hala, zabal jardun zen errauskailuaren ondorioez eta Europako legediaz, besteak beste.
"Pilak jarri behar ditugu"
Zero zabor lortzeko helburuarekin, urratsak ematen jarraitzeko beharraz ere hitz egin zuen: "Pilak jarri behar ditugu. Ondo egiten jarraitu behar dugu. Oñatin ondo dakizue zer den hori, baina beste herrietan ere pausoak eman behar dira. Zero Zabor helburua lortzeko urratsak ematen jarraitu behar dugu".
Hain zuzen, hitzaldiaren amaierako solasaldian herritar batek helburu hori lortzeko hainbat herritan jarri diren bilketa sistema mistoez galdetu zion. Intxaurrandietak esan zuen ez zela balorazioetan sartuko, GHKren egitekoa ez delako bilketa, tratamendua baizik. Gaineratu zuen, baina, %70etik gorako birziklatze tasa lortzen duen edozein bilketa sistema egokia dela, baina emaitza hori lortu behar dela. Hau da, ehuneko horretatik beherako emaitzek ez dutela balio.
Hurrengo urratsak
Behin errauskailua ez egitearen hitzarmena sinatuta, hurrengo urratsa kontratu finantzarioak etetea dela adierazi zigun: "Kontratu finantzarioei irtenbidea eman behar zaie, birmoldatu edo eten egin beharko dira. Horretaz gain, epaiketa dugu otsailean, SWAPS-ak direla-eta".
Bestalde, aurreratu zuen urtarril edo otsail inguruan berriro etorriko direla Oñatira beste hitzaldi baterako. Orduan emango dute organikoa tratatzeko beharrezkoak izango diren, eta egin beharko diren, azpiegituren berri.