Eguaztenean estreinatuko dute doluari buruzko 'Aulki Hutsak' dokumentala

Elgetako Espaloia Kafe Antzokian estreinatuko dute Iñaki Peñak zuzendu duen dokumentala.

Udaberrian grabatzen hasitako Aulki Hutsak dokumentalaren emaitza ezagutzeko momentua heldu da. Hilabeteetako lanaren ostean, eguaztenean, 19:00etan izango da aukera Elgetako Espaloia Kafe Antzokian.

Heriotzari buruzko dokumentala da Aulki Hutsak eta egungo gizartean tabu bihurtu den gaia mahai-gaineratzeko asmoa du. Horretarako galdera argia proposatzen du: Maite ditugunak hiltzean zer? Heriotzaren aurrean sentitzen diren mina, haserrea, tristura, burumakurtasuna eta bakea islatzen ditu lanak. Eta hain zuzen ere, lau sentsaziotan oinarritutako beste adina kapitulutan banatzen da dokumentala: mina, haserrea, egun seinalatuak eta itxaropena. Epilogo batek ematen dio amaiera lanari.

Edukia ikuspegi ezberdinetatik lantzeko, profesionalen eta norbait galdu duten senideen elkarrizketak batu ditu Iñaki Peña medikuak. Gainera, euren esperientzia azaldu dutenetako batzuk bailarakoak dira: oñatiarrak, aretxabaletarrak eta arrasatearrak.

Euskal musika

Dokumentala euskaraz da nagusiki eta bertako doinuak entzuteko aukera ere ematen du, Ruper Ordorika, Gari eta Gorka Urbizuk jarri dute-eta musika,besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.