Abiatu da 'Martxa Urdina', Basauritik Arrasatera

Ubane Madera 2013ko abe. 3a, 10:09

08:00etan abiatu da Basauritik Edesako langileen Martxa Urdina, oinez egiteko Arrasatera bitarteko 60 kilometro pasa. Leloa, honakoa: Gure lanpostuen defentsan, Fagor-Edesa ez itxi!. Bi zatitan egingo dute martxa, lehena (gaurkoa) Apatamonasterioraino. Bigarrena, berriz, Apatamonasterio-Arrasate (Elorriotik). Aurreikuspena da bihar, eguaztena, 11:00ak aldera iritsiko direla gurera. Eguerdian Mondragon Taldearen egoitza aurrera igoko dira Fagorreko lankide ohien babesarekin.

50 langile pasa abiatu dira Basauritik kamiseta urdinak soinean dituztela; Galdakao zeharkatzen dabiltza une honetan (09:10) eta Zornotzarako bidea hartuko dute ondoren, bertan otordua egiteko. Handik aurrera segituko dute, Apatamonasterioraino, bertan pasa behar dute-eta gaua.

Arrasatera, berriz, bihar iritsiko dira, Elorriotik zehar etorrita, 11:00etan. Hemengo Bazkideak Plataformako lankideek egingo diote harrera Martxa Urdinari Kanpantzarren, eta 11:20an Meatzerreka auzorako bidea hartuko dute guztiek, bertako elkarte gastronomikoan "merezitako hamaiketako beroa (salda, txistorra…)" eman behar diete-eta.

Ostean, bihar Edesatik abiatuko diren hiru autobusekin bat egin, eta 12:00ak aldera, Martxa Urdinak Mondragon Taldearen egoitzara joko du, haren aurrean protesta egiteko.

Baldintza berberak

Joseba Lopetegik, Edesako langileen ordezkariak esandakoaren arabera, bi dira euren aldarrikapen nagusiak:

  • Edesako langileek Fagor Etxetresnetako langileen baldintza berberak izatea
  • Bideragarriak diren Fagorreko plantak zabaltzea: "Basauri eta Bergarako Confort lerroak; Eskoriatzako minia eta Garagartzako egosketa lerroa", azaldu du Lopetegik.

Horrez gainera, gainontzeko baldintzetan ere Fagorrekoek duten tratu bera aldarrikatzen dute: langabezia saria %80ra arte osatzea eta, adibidez, aurre-erretiratzeko aukera eta baldintza berberak: "Edesako erretiratuek egoera txarragoa bizi dute; adibidez, kotizazio handia galtzen dute: urtero %7. Horrez gainera, hasiera baten, behintzat, ezin dira erretiratu 65 urteak bete arte", zehaztu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak