Zigor Ezpeleta: "Sei hilabetean beste 500 bazkide birkokatzea da aurreikuspena"

Ubane Madera 2013ko aza. 22a, 17:26

Fagor Etxetresnen egoerak eraginda, bertan beharrean ziharduten 1.800 bazkide inguru lan barik geratu dira, eta horiei, edo horietako batzuei, behintzat, irtenbidea emateko Enplegu Bulego Korporatiboa sortu du Mondragon Taldeak. Zigor Ezpeleta (Oñati, 1971) da Mondragon Taldeko Gizarte eta Lan Harremanetarako arduraduna eta Enplegu Bulego Korporatiboko zuzendaria. Besteak bestek, hark jakinarazi du Fagor Etxetresnetako 200 bazkide dagoeneko birkokatuta daudela eta lanean dihardutela. Enplegu bulegoaren beraren gaineko bestelako xehetasun ugari ere eman dizkio Goienari bulegoaren zuzendariak.

Joan den asten Fagor Etxetresnetako Kontseilu Sozialak berak salatu zuen Enplegu Bulego Korporatiboa ez dabilela lanean. Bulegoa lanean dabil?

Bai, lanean dabil, hala da.

Noiztik?

Lanean dabil orain dela hiru astetik-edo.

Zeinek edo zeintzuek osatzen dute bulego hori?

Bulego honen azken ardura Korporazioko Gestio Sozialeko Departamentuarena da. Hor bagaude zuzenean gai honekin lotuta hiruzpalau pertsona, baina bulego horretan parte hartzen ari dira, beharren arabera, beste hainbat lagun. Hau da, momentu jakin batean beharko balitz 10-12 pertsonak bere dedikazioa horretara bideratzea, bideratuko dute,  eta dagoeneko horretan ari gara. Horrenbestez, egongo litzateke nukleo egonkorragoa, eta hori osatzen, pertsona sare bat euren dedikazioa horretara bideratuko dutenak.

Espazio fisikorik badauka bulegoak? Non?

Espazio fisikoari dagokionez eta bulegoaren funtzioei dagokienez, hori guztia hobeto ulertuko da enplegu gestioan parte hartzen dituzten agente guztiak zeintzuk diren baldin badakigu: lau agente nagusik parte hartzen dute enpleguaren gestioan: Lagun-Arok berak (historikoki egin du lan hori, eta jarraituko du egiten); bulegoak berak; Fagor Etxetresnak eurak; eta laugarren agente dira korporazioko gainontzeko kooperatibak.

Eta ze zeregin dauka bakoitzak?

Lagun Arok jarraituko du egiten, orain arte egin duen bezala, prestazioen kontrol eta asignazioa (prestazioak nori eman, horren kudeaketa administratiboa, kontabilitatea, eta abar).

Enplegu Bulego Korporatiboak, berriz, batez ere egingo duena da Korporazioko kooperatibetatik atera gaur egun dauden enplegu aukera guztiak. Hori da bere eginbehar nagusia, hain zuzen: ikusi kooperatibetan ze aukera dauden enplegu barik geratu diren pertsona horiek jasotzeko. Eta horri gehituta, bere funtzioa izango da baita ere formazioarekin lotutako plangintza orokorra egitea; aurrerago nahiko nuke formazioaren alorraren gaineko xehetasun gehiago eman.

Bukatzeko, Fagor Etxetresnek eurek egingo dutena izango da bazkideekin harremana eta komunikazio mantendu, betiere, birkokatze beharrei begira; eta bazkideen aurre-aukeraketaz arduratu, eskainitako lanpostuetara joan daitezen. Langileen aurre-aukeraketa hori, beraz, bertatik, Fagor Etxetresnetatik, egingo da, baina, hori bai, bukaerako aukeraketa beti egingo du kooperatiba hartzaileak.

Bestela esanda, lanpostu bererako langile batek baino gehiagok betetzen dituztenean dagozkien baldintzak, langile horiek zela aukeratu edo lehenetsi Fagor Etxetresnek egin beharko dute? Jarri adibide bat, mesedez:

Jo dezagun eskaintzen direla bost lanpostu, eta bost postu horietarako aurre-aukeraketa egin beharko dela, adibidez, hamar pertsonarena. Bada, hamar lagun horiek joango dira hartzaile diren kooperatibetara eta kooperatiba horietan, hamar lagun horiei  elkarrizketak egin eta horren bitartez aukeratuko dituzte behar diren bost horiek. Rol banaketa hau jakitea garrantzitsua dela uste dut; izan ere, batzuetan egon da nahasmena pentsatuaz, adibidez, aukeraketa hori Enplegu Bulego Korporatiboak egingo duela, eta ez da horrela. Edo Fagor Etxetresnetako bazkideekiko komunikazio eta harremana bulego honek eramango duela, eta hori ere ez da horrela. Edo Fagor Etxetresnetako bazkide batek bere curriculuma hemen entregatu behar duela, eta hori ere ez da horrela. Bazkideen harremana beti izango da Fagor Etxetresnetako Giza Baliabideetako taldearekin.

Labur esanda, bada, mezua da bazkideek ez dutela inorekin harremanetan jartzeaz arduratu behar?

Bai. Eurekiko komunikazioa beti barrutik egingo zaie, euren organo eta euren komunikazio kanaletatik. Fagor Etxetresnetako bazkideen erreferentzia orain arte izan duen talde berak izaten segituko du: euren barruko organo eta pertsonak.

Langileen birkokatzearekin lotutako lehentasun horiek erabakitzeko lanean badihardute Fagor Etxetresnetan?

Bai, lanean dihardute. Eta dinamika hau guztiau martxan dago, eta egiten ari dira lehen birkokatzeak, aukeraketa prozesuak eta beste. Martxan dago, beraz, guztia.

Birkokatzeei dagokienez, bada, kooperatibaz kooperatiba egin beharreko bisita horiek eginda dituzue? Edo bazabiltzate?

Birkokatzeei buruz, gaur egungo datua da 200 bazkide inguru dagoeneko birkokatuta daudela; egunero mugitzen da datua, horregatik ezin da gehiago zehaztu. Aurreikuspena da datozen sei hilabeteren buruan beste 500 birkokatze egin daitezkeela finantza eta industria arloan; eta banaketa arloan ere ari dira azterketa egiten eta dagoeneko aukerak ikusten dira. Esandako moduan, beraz, dena martxan dago. Hori guztia posible izateko, orain arte egin duguna da kooperatibetan datu bilketa bat; Enplegu Bulego Korporatibotik kooperatibei eskatu zaie euren beharren analisia egitea, eta gero analisi hori zehaztuko dugu kooperatibetara bertara egiten ditugun bisitetan. Horiek oraintxe egiten ari gara, hain justu.

Birkokatutako 200 bazkide horien profila zelakoa da? Ze arlotan egin dira birkokatze horiek?

Profilari dagokionez, denetik dago. Lanesku zuzenekoen eskaera handia da, baina baita ez zuzenekoena ere.

Orain arteko 200 horiek zein arlotan bikorkatu dira?

Orain arte, batez ere, industria eta finantza arloetan izan dira. Baina hemendik astebetera esango nizuke banaketa arloan ere bagabiltzala, eta abar.

200 horiek lanean daude?

Bai, dagoeneko lanean daude.

200 bazkide horiek birkokatzeko ebentualekin egin duzue ordezkatze zuzena?

Ebentualen gainean berba egiterakoan, nahiko nuke mapa osoa kontenplatzea, 200 horiena eta etor daitezkeen gainontzekoena. Inportantea dela uste dut, kontziente garelako ebentualen taldean honek sortzen duen ezinegona eta kezka handi hori.

Oraingo enplegu behar honi erantzuteko aurreikusten ditugu bost lerro nagusi: lehenengoa da datorren urtean eta datozen urteotan Korporazioko kooperatibetan izango den lantalde hazkundea, ja aurreikusita dagoena plan estrategikoetan; bestela esanda, enplegu berriak sortzea gaur egun martxan dauden ohiko negozio edo jardueretatik. Beste lerro bat da erretiro eta aurre-erretiroena, baina ez Fagor Etxetresnetako aurre-erretiroena, baizik eta Korporazioko gainontzeko kooperatibetako erretiro eta aurre-erretiro plangintzak. Hor ere sortuko dira beste behar batzuk, eta hori ere beste atal garrantzitsu bat da. Hirugarren lerroa da aktibitate berriena. Hori ere plan estrategikoetan aurreikusita dago; lerro hori beti da erronka bat, aktibitate berriak sortzeak lan handia eskatzen duelako; baina hortik ere sortuko dira lanpostu berriak. Laugarren atala, berriz, da aktibitateak barneratzea. Hau da, gaur egun kanporatuta dauden aktibitate batzuk aztertuko ditugu ikusteko horietatik zeintzuk etor daitezkeen kooperatiba barnera, kooperatibak zeintzuk hel ditzakeen, betiere enplegua sortzeko ikuspegitik. Eta bosgarren puntua da ebentualen egoera aztertzea. Horrek ez du esan gura ebentual guztiak ordezkatzeko deialdi edo araudirik dagoenik. Ez da hori. Aztertuko da kasuz kasu eta kooperatiba bakoitzaren egoera, eta horren arabera ikusiko da lerro horretan ere zer egin daitekeen eta zer ezin daitekeen egin.

Aktibitate berriekin lotuta, eta barneratu ahal diren zerbitzuekin lotuta, ipin dezakezu adibide praktikoren bat?

Aktibitate berrien kasuan, Commarth Engineering-ena adibide bat izan daiteke (ibilgailu elektrikoak fabrikatzeko), bai, hemen sortuko den plantarena, alegia. Barnera daitezkeen zerbitzuei dagokienez, adibidez, asmoa da azpikontratatuko lan batzuk guk egitea. Adibide bat izan daiteke garbiketa lanak barrukoek egitea. Beste adibide bat izan daiteke informatika alorrean kanporatuta dauden zerbitzu batzuk barneratzea… dena den, kasuistika oso zabala izango da, eta egon daitezke hainbat adibide; beraz, kasuistika guztia izan arte, egokiago da ez zehaztea ezer.

Aurre-erretiroei dagokienez, zuen asmoa izango da 55 urtetik gorako langileei egitea proposamen hori, ezta? Zenbat langile sartuko lirateke poltsa horretan?

Hala da. 55 urtetik aurrerako guztiei emango zaie tratamendu bera, hau da, aukera bera izango dute aurre-erretiroa hartzeko. 300 bat bazkide daude poltsa horretan. Eta proposatu da baldintza aldaketa egitea; Lagun-Aro EPSVren batzar nagusira doa gai hori [aurre-erretiro baldintzak hobetzea; abenduaren 27an da batzarra]. Batzarrean onarpena emango balitz, pertsona bakoitzak borondatez hartu beharko luke erretiroa edo aurre-erretiroa. Ezin da inor behartu. Beraz, bi baldintzok kontuan hartuta, esan daiteke baietz, 300 pertsona horiek izan dezaketela irtenbidea.

Ze baldintzatan?

Lagun-Arok orain arte eskaintzen duen laguntza da lan aurrerakin  gordinaren %60 ordaintzea, 12 ordainketatan, eta ohikoa da gero kooperatibak kopuru hori osatzea. Zer gertatzen da? Bada, kasu honetan kooperatibarik ez dagoela. Hortaz, proposamena da kopuru hori %60tik %80ra igotzea Lagun-Aroren kontura, eta horrek esan gura du Korporazioko mutualista guztien eta kooperatibista guztien kontura. Bestalde, garrantzitsua da jakitea pentsioak ordaintzeko erabiltzen ditugun diruek honekin ez dutela zerikusirik. Hau da, erretiratuta dagoen kolektiboa lasai egon daiteke, ze eurena kutxa independente batean baitoa, eta ez dauka inongo eraginik kolektibo horretan.

Aldiz, badauka eraginik dagoeneko aurre-erretiratuta dauden horiengan?

Lagun-Aro EPSVk hurrengo ezohiko batzar nagusian proposatzen duena onartzen bada, dagoeneko aurre-erretiratuta daudenek 12 lansari izango dituzte %80ra, 14 lansari izan ordez. 

Aurre-erretiroa onartu nahi ez dutenekin zer geratutako da, langabeziara doaz?

Birkokapeneko poltsara doaz, eta ezin badira birkokatu, langabeziara. Dena den, guztia dago Lagun Arok hartuko duen erabakiak baldintzatuta.

Batuketak eginda, beraz, esandako kopuruak gehi aurre-erretiro proposamenak kontuan hartuta, zuek agindutakoa bete egingo litzateke, hau da, 1.000-1.200 bazkide birkokatzea?

Hori da aurreikuspena, baina ñabardura inportante bat egin beharra dago: ideala zer da? Bada, eskaintzen diren lanpostuak eta bertara joan daitezkeen pertsonen profilak bat etortzea. Baina aurreikusten dugu enkaje hori ez dela izango horren erraza. Hau da,  Fagor Etxetresnek eurek orain arte izan duen sistema produktiboak behartuta, badu kolektibo inportante bat kualifikazio baxuarekin. Eta bestalde, gure industria arloko ohiko lanpostuak  ez guztiak, baina bai ohikoak) badira kualifikazio maila handiagoa eskatzen dutenak. Hor sortuko da diferentzial bat, eta diferentzial horri erantzun egin beharko zaio. Eta erantzuteko modu inportante bat da kualifikazio maila hori handitzea, formazio plan berezi batzuekin.

Hori guztia zehaztuko da datuak mahai gainean ditugunean eta mapa orokor hori bukatuta dagoenean. Oraindik ez da garaia. Hala ere, aurreikusita formazio aldetik egon behar duela esfortzu inportante bat, dagoeneko badihardugu Lanbiderekin eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailarekin berba egiten. Ikusteko ze behar etor daitezkeen, behar horiei erantzuteko laguntza publikoa zertan gauza daitekeen… eta ez hori bakarrik, baizik eta aktibitate berrien sorkuntzan eta abar Lanbidetik ere ze laguntza, aholku eta kolaborazio etor daitekeen ikusteko… hori guztiori aztertzen gabiltza.

Horrenbestez, aipatutako zenbaki globalek ñabardura asko dituzte. Batetik da zenbat pertsona dauden lanpostu beharrean, bestetik da zenbat lanpostu eskaintzen diren, baina, esandako moduan, enkaje hori ez da automatikoa. Hor sortuko dira behar batzuk ezin izango direnak bete profilik ez dugulako.

Hala ere, ahaleginduko zarete behar horiei erantzuten barrutik formazio bitartez?

Hori da. Behintzat, ikusten badugu badaudela hainbat pertsona euren enpleagarritasuna (enplegua lortzeko kapazitatea) baxua dela, bada, hori gehitu edo handitu egin beharko da.

Komunikabideetan azaldu zen zifra izan zen 800 bat langile daudela kualifikatu barik…

Kopurua ez da erabat zehatza, ze kualifikatu bakoen artean batzuek oso oinarrizko formazioa baitute, beste batzuek badituzte modulu batzuk… Hala ere, ikusi behar dira modulu horiek ze eratakoak diren. Gerta daiteke modulu horiek arlo administratiboarekin lotura izatea eta ez mekanikarekin edo industriarekin, adibidez. Hor ñabardura asko daude.

Formazioarekin lotuta, baduzue egutegirik?

Asmoa da, beti bezala, berehala. Baina formazioaren gaian, normalean ez da izaten berehalakoa. Plangintza ondo egin behar da, ikusi behar da ze zentrok eman dezakeen formazio hori, ze pertsonak joan behar duen zertara… horrek bere denbora eramango du. Datuak mahai gainean izaterako aurreikusi beharko dugu ze programa ipin daitezkeen martxan eta diseinua prest izan, momentuan abian martxan jartzeko. Baina oso goiz da esateko bihar hasiko den edo urtarrilean izango den.

Hori zeinen poltsikoaren kontura izango den jakin daiteke? Hau da, Mondragon Taldearen kontura, bazkideen kontura…

Neuk ere nahiko nuke hori jakin. Ez dakigu, laguntza publikoa zenbatekoa izango den ere ez dakigulako. Ez dakigu banaketa zela egingo den.

Kontuak kontu, eta hasierako mugimenduak egin eta gero, Mondragon Taldetik Fagorrena gertatu eta gutxira kaleratutako langile kopurutik 1.000- 1.200 bat birkokatuko zenituztela esan zenuten; berriro ere galdetuko dut: oraindik ere posible ikusten duzue, beraz?

Behintzat, erronka horrekin jarraitzen dugu; gehiagora heltzen bagara hobeto. Baina egingarri ikusten dugula, bada, neurri batean bai. Izan ere, kooperatiben erantzuna oso ona ari da izaten. Benetan eskertzekoa da euren jarrera.

Beste zerbait gura baduzu gaineratu…

Gure eredu kooperatiboa, esperientzia kooperatiboa sortu izan da, besteak beste, motibazio inportante batetik: gauden inguruan aberastasuna sortzea eta modu ahalik eta ekitatiboenean banatzea. Gure asmoa hori izan da, da eta izango da. Orain gertatu da gertatu dena. Baina Korporazioak beste hainbat kooperatiba ditu, zorionez, indartsu daudenak eta enplegua sortzeko konpromisoarekin segitzen dutenak. Nik uste dut hori zentrala dela. Ikusi besterik ez dago bailara honetako biriketako bat zein den: mugimendu kooperatiboa. Gertatu dena gertatu dela, baina konpromiso hori mantentzen da, mantendu da eta mantenduko da. Horretarako sortu ginelako neurri handi batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak