Epaileak onartu du Fagor Etxetresnen konkurtsoa

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 20a, 16:55

Astebetez zain egon eta gero, iritsi da erantzuna: Donostiako merkataritza arloko epaitegiak onartu du joan den asteko eguaztenean Fagor Etxetresnek bere enpresa nagusia eta Irlandako sozietate filiala hartzekodunen konkurtsoan sartzeko aurkeztutako txostena; eta bertatik kudeatuko dute Poloniako filialaren etorkizuna ere.

Frantziako filiala ez beste guztiak leku beretik kudeatzeak prozesua arintzea ekarriko du eta lagunduko du baita ere inbertitzaileekin negoziatzerako orduan: "Zaila ikusten da linearen bat salbatu ahal izatea, baina ea posible den", adierazi dute Fagor Etxetresnetatik.

Konkurtsoaren garrantzia aintzat hartuta, konkurtso-administratzaile bakarra beharrean bi arduratuko dira kasuaz, eta dagoeneko izendatu dituzte: Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) KPMG kontu-ikuskaritza multinazionala izendatu du; eta Banco Popularrek –"hartzekodun diren finantza-entitateen artetik garrantzitsuena"–, Norgestion.

Basauriko Edesa lantegia, bere aldetik, gaur eguerdian, 14:00etan, ziren sartzekoak hartzekodunen konkurtsoan.

Laguntza teknikoko zerbitzua

Garantian dauden Fagor markako etxetresnekin arazoren bat izanez gero zer gertatzen den galdetuta, berriz, enpresatik adierazi digute garantia zerbitzua eskaintzen jarraitzen dutela eta hala jarraitzea dela asmoa, baina konkurtso-administratzaileek horrekin lotuta zer erabakiko zain daudela, haiek hartuko dituztelako erabakiak hemendik aurrera. Edozein kasutan, momentuz gutxienez, zerbitzu hori martxan dago: "Garbigailu bat apurtzen bada eta garantian baldin badago, enpresak bere gain hartzen du, erantzuten du", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak