Gogoeta, hitzez hitz:
"FAGORREN KRISIA, KOOPERATIBISMOARENA?
Donostiako Elizbarrutiko Sozial Idazkaritza
Donostiako Elizbarrutiko Sozial Idazkaritza FAGORREN krisiak anitz irakurketa eragin ditu, ez denak egokiak eta zuzenak. Eta horien artean, bereziki bidegabekoa eta faltsua iruditzen zaiguna: FAGORREN itxiera, batzuen aburuz, Jose Maria Arizmendiarrieta apaizak Elizaren Dotrina Sozialetik abiatuta sortu zuen kooperatiba ereduaren porrotaren ondorio litzateke. Gertatutakoak, egungo ekonomiak sistema kapitalista liberalaren barruan salbuespenik ez duela onartzen frogatuko luke.
Alabaina, Donostiako Elizbarrutiko Sozial Idazkaritzaren iritzia oso bestelakoa da: FAGOR Elektrogailuak enpresaren egoera ez da Arizmendiarrietaren espirituarengandik aldendu izanaren ondorio zuzena? Ez da ba izango, FAGORREK egitura kooperatibista izan arren, soldatapekoen berezko espirituan erori dela? Nola da posible azken hiru urtetan kolokan izanda, enpresaren bideraezintasunari aurre egiteko neurririk ez hartzea?
Gertatutakoaren iturria merkatu krisia baino, kudeaketan huts handiak era gin dituen lidergo falta izan dela erakusten duten arrastoak badira. Kooperatibismo ereduak enpresa lidergorik ez zuela behar pentsatzen al zuten? Edozein enpresa-proiektu martxan jartzeko orduan On Jose Maria Arizmendiarrietak esan ohi zuen esaldia ahaztu dute nonbait: "Nork eramango du gurdi hau?". Hain zuzen, kooperatiba ereduak ez du bururik gabeko egiturarekin inolako zerikusirik, alderantziz, lidergo argia eta ausarta behar du. Ez da ba krisi honen arrazoi nagusietako bat izango kideak kontratatzeko orduan, langileen gaitasuna baino, familia arteko loturetan eta jatorrian oinarritutako eredu endogamikoa erabili dela?
FAGOR Elektrogailuan gertatutakoa, ez da, zorionez, Mondragon Kooperatibetako enpresetan (ehun inguru) gertatzen ari denaren erakusgarri; gehienak lidergo argia eta eraginkorra dute eta egoera onean daude. Hala ere, Arizmendiarrietaren espiritua eta ideiarekiko MONDRAGONEK egun mantentzen duen fideltasuna aztertzeko abiapuntu egokia dugu aurrean.
FAGOR kasuak komunikabideetan izan duen oihartzuna izugarria izan da. Orain hilabete batzuk inork ez zuen buruan krisian dagoen Kooperatiba eta orain aldiz, denek dute itxuran, hura konpontzeko "makila magikoa". Politikoek ere antzerki itsura izan duen bileraren argazkian atera dira: "Hemen gau de eta konponduko dugu", diotela dirudi. Batzuen aburuz irtenbide "orokorra" behar da, besteen iritziz lurraldekakoa behar du izan; batzuek, kooperatibak aztertu eta egungo egoerara "moldatu" behar direla, besteek eredu liberal-kapitalismora egokitu behar direla eta egin beharreko murrizketak egi tea ezinbestekoa dela... Azken batez, beldurgarria ere bada, batzuek eta besteek egungo egoera kooperatibismoaz gaitz esateko probestu nahi izatea. Irtenbidea kooperatibismoan bertan topatu behar dugu, horrek dakarren ardura eta arriskuarekin; benetan ardura dutenen agintepean eta erabakiei uko egin gabe, horrek sakrifizioak eta atsekabea eragingo badu ere. Susmoa ere badugu, krisia gero eta gehiago "politizatu" eta kooperatiben zuzendaritza alde batera uzten bada, arazoa konpontzea orduan eta zailagoa eta korapilatsuagoa izango dela.
Arizmendiarrietak bultzatu zuen kooperatiba mugimendua oso emankorra izan da urtetan zehar. Eta benetan pozten gaitu kooperatibaren espirituari eusten dioten kooperatibistak izatea; izan ere, horri esker zutik diraute Taldearen enpresarik gehienak.
Baztertu ezineko beste alderdia, belaunaldi berriak Arizmendiarrietaren kooperatiba-espirituan hezteko aurrean dugun erronka. Jakin badakigu ez dela erraza gazteak baloreetan heztea: esfortzua, sakrifizioa, besteengan pentsatzea, "besteak" hobeto izateko "irabazietan" pentsatu, gutxien duten langileekin irabaziak banatzen erakustea,... Ezagutu ere ezagutzen dugu Taldeko ikastetxeek alor honetan egiten ari diren lan eskerga. Ildo beretik jarraitzera gonbidatzen ditugu. Eta azpimarratzekoa, "Arizmendiarrieta Aitaren Lagunen Elkartea" egiten ari den lana, ia apostolikoa; gazteei, Elizaren Dotrina Sozialean oinarrituta, "kooperatibista" izatea zer den erakusten ari zaizkie.
Jainkoaren Zerbitzariak lagun gaitzala gu guztiok eta lagun dezala bereziki MONDRAGON".