Nobel-truk ekimena, Jokin Zaitegi beka finantzatzen laguntzeko

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 12a, 15:40

Arrasateko euskara elkarte AEDk Nobel-truk egitasmoa abiarazi du. Jokin Zaitegi beka finantzatzea izango du helburu nagusi; izan ere, 2012a ezkero itzulpen sariketak ez dauka babeslerik. Hori horrela, Euskal Herri osora zabaldu gura dute Nobel-truk ekimena. Hala, herritarrei 50 euroko ekarpena egitea eskatu diete eta itzuli eta kaleratu den azken liburua, Mo Yan idazlearen 'Hori umorea, maisu!', jasoko dute trukean.

Kutxa Fundazioaren Gizarte-ekintzaren babesa eduki du urteetan zehar sariketak, baina, 2012a ezkero ez dute babesle horren laguntzarik jasotzen eta bide berriak ari dira topatzen finantzazioa bilatzeko, horien artean, Nobel-truk ekimena.

Hala, bekaren ordainketari egin gura diete aurre modu horretan euskara elkartekoek. Deialdia ez dute ez Arrasatera, ezta Debagoienera mugatu gura, Euskal Herri osora hedatu nahi dute. Hala, interesa duten guztiek 50 euro sartu ditzakete AEDk horretarako bideratu dituen bi kontu korronteetariko batetan.

(Aurreko bekekin itzuli eta kaleratutako liburuetariko batzuk)

Abenduaren 20a izango da diru ekarpenak egiteko azken eguna. Eta ondoren, dirua ipintzen duten guztiek, Jokin Zaitegi bekaren bitartez itzuli den azken liburua jasoko dute trukean: Mo Yan idazlearen Hori umorea, maisu!, hain zuzen ere. Debagoiendarrek Arrasateko, Aretxabaletako zein Bergarako euskara elkarteetan jaso ahal izango dituzte liburuak.

Ibarretik kanpoko ekarpena egiten dutenek, ostera, postaz jasoko dute Maialen Marinek eta Aiora Jakak itzulitako lana.

Jokin Zaitegi beka, kolokan

Bestalde, AEDtik gogora ekarri dute, honezkero 27. Jokin Zaitegi beka deituta egon beharko litzatekeela. Baina bekaren beraren jarraipena ikusteke dagoenez, atzeratu egin dute.

Izan ere, babeslerik eduki ezean elkarteak berak ezin izango dio bere kasa aurre egin bekaren deialdi berri bati. "Guretzako oso garrantzitsua da beka hau, izan ere, beste modu batetan euskaraz irakurriko ez genituzkeen liburuak kaleratzeko balio baitu. Horregatik, ate ezberdinak jotzen jarraituko dugu, babesle berri bat aurkitu arte". 

Mao Yan idazlearen lana, kalean

Egubakoitz honetan aurkeztuko dute, bestalde, Jokin Zaitegi bekaren bitartez itzuli den azken liburua. 'Hori umorea, maisu!' lana Donostiako Elkar dendan aurkeztuko dutela eman dute aditzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak