Hirugarrenez Jesus Mari Kalboetxeagak jantzi du Elgetako pintxo lehiaketako txapela

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko aza. 10a, 17:03

Pintxo irabazlea: Maialde landetxeko bakailao hostopila pil pilean pate kremarekin. 

Herriko bost tabernek hartu dute gaur parte Elgetako VI. Pintxo lehiaketan. Bina pintxo aurkeztu dituzte Haizea tabernak, Iñaki tabernak, Bolatoki tabernak, Maialde landetxeak eta Espaloia kafe antzokiak. 

Iragarri moduan denak dastatu dituzte epaimahai ofizialeko kideek —Iñaki Gorostiza, Asier Morales eta Mikel Irazabal—.

14:00ak aldera izan da Elgetan irabazlearen berri: hirugarren urtean jarraian Maialde landetxeko Jesus Mari Kalboetxeagak jaso du txapela.

Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin batera bertaratu dira Maialdera Patxi Basauri eta Maria Jesus Lete zinegotziak. Lanpetuta aurkitu dute Kalboetxeaga eta denbora apur bat behar izan du sukaldetik txapela jasotzera irteteko.

Gustura jaso du txapela Kalboetxeagak. Hirugarrena du lehiaketa honetan eta alabari ipini dio gaurkoan.

Pintxo-domekak

Hurrengo bi domeketan pintxo eskaintza berezia egiten jarraituko dute Elgetako tabernariek. Gaur bi aurkeztu dituzte eta hurrengo saioetan bietan onena eskainiko dute euro baten truke. 

Bezeroek ere izango dute zer esan. Erabakitzeko dago Herritarren saria, eta botoak emateko aukera egongo da hurrengo bi domeketan. Boto-emaile guztien artean bi lagunendako otordua zozketatuko dute Elgetan. Pintxoen osagaiak zeintzuk diren asmatzea ere ez da erronka makala. Asmatzen dutenen artean bina botila ardo zozketatuko dituzte taberna bakoitzean.

Musika, datorren domekan, Euskal Herri osotik etorritako 30 laguneko txistulari taldeak ipiniko du. Ea eguraldiak gaurkoan baino apur bat gehiago laguntzen duen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak