Arantza Tapiaren esanetan, ordu gutxi barru sartuko da Fagor hartzekodunen konkurtsoan

Arantza Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren garapenerako eta lehiakortasuneko sailburuak, lasaitasunez eta erantzukizunez jokatzeko deia egin du, eta ekonomiaren eta lehiakortasunaren alde aritzen diren agente publiko pribatu guztiei Fagorren egoera liskarretarako ez erabiltzea eskatu die, "bide horrek ez baitu soluziorik ekarriko". Donostian gaur, zapatua, goizean egin dituen adierazpenetan, sailburuak adierazi du ordu gutxi barru Fagorrek hartzekodunen konkurtsoa eta ondorengo likidazioa aurkeztuko duela eta honen inguruan Mondragon Korporazioak atzeraezina den erabakia hartuta duela.

Tapiaren esanetan ordu gutxi barru sartuko da Fagor hartzekodunen konkurtsoan. Hala, egunotan sortu den nahasmenaren aurrean lasaitasunez eta erantzukizunez jokatzeko deia egin die ekonomiaren alde lanean aritzen diren agente publiko pribatu guztiei: "Ez dago bide laburrik, aukera guztiak aztertuta daude dagoeneko eta Mondragon Korporazioak erabakia hartuta du. Hau ez zen gure eszenatokia. Bagenekien berregituraketa beharrezkoa zela baina modu ordenatuagoan egin zitekeela uste genuen. Orain, etorkizuna lantzeko ordua da eta Jaurlaritza dagoeneko hasi da", gaineratu du. 

Hartzekodunen konkurtsoaren aurrean, lasaitasuna

Gaur medioen aurrean egindako agerraldian zera gaineratu du: "MCk bere erabakia jakin arazi zigun urriaren 30an Lehendakariari eta niri. Ez dago atzera bueltarik, nahiz eta gaiaren gainean egon ez direnak orain arte egoera berriaz jabetu ez diren. Lehenengo, Polonia izan zen. Ondoren, Frantzia. Eta orain, Euskadi. Eta gainean dugun konkurtso egoeraren atarian, nahasmena nagusitu da giroan". Hala, nahasmen horren aurrean lasaitasunez jokatzeko eskatu du: "Urduritasun une hauetan dei egin nahi nieke ekonomiaren eta lehiakortasunaren alde egiten duten agente publiko pribatu guztiei lasaitasunez eta arduraz joka dezaten eta ez dezaten gai larri hau liskarra sortzeko erabili. Bide honek ez baitu soluziorik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.