'La tabernera del puerto' hirugarrenez Arrasaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko aza. 9a, 09:00

14. zarzuela taularatuko du azaroaren 23, 24, 29 eta 30ean, Amaia Antzokian; aurreko edizioetan moduan, oraingoan ere, lau emanaldi egingo dituzte. Oraingoan, 2000. urtean, elkartearen ibilbidea zabaldu zuen Pablo Sorozabalen (Donostia, 1897) 'La tabernera del puerto' egingo dute berriz ere. Sarrerak ticket.kutxabank.es helbidean daude salgai eguaztena ezkero, geroztik, 18 eurotan.

Euskal erroak dituen eta doinu ezagunak batzen dituen obra Cantabreda herrian kokatzen da. "Herri ilun eta deprimitutakoa da, ardo giro handikoa, narkotrafikoa ere badago" kontatu du Naroa Elortzak, zarzuelako kideak eta elkarteko komunikazio arduradunak eta hauxe gaineratu: "Zarzuela guztietan moduan, maitasun kontuak ditu istorioaren abiapuntu baina funtsean, garaiko gizarteko beste hainbat gai ere uztartzen ditu. Misteriotsua da, ez da maitasun istorio hutsa".

2000. urtekoa hobetu guran

Martxoan ekin zioten abeslariek zarzuela prestatzeari, eta buru-belarri ari dira egunotan azken ukituak ematen, nahiz eta aurrez egindako obra duten. "Obra berezia da, akaso egin genuen lehenengoa delako edo, nire iritziz, musikalki, egin dugunetatik, ederrenetakoa da" dio Elortzak. Estreinakoz egin zutenean, ausardiaz jokatu zutela diote orain elkartekoek: "Ez dugu ulertzen nola egin genuen orduan, musikalki zailtasun handiak ditu eta baita antzezteko eszena konplikatuak ere. Ordukoa hobetze aldera ari gara gogor lanean".

Orain 13 urte bakarlari edo protagonista papela zuten gehienek errepikatuko dute; hortxe izango dira, bada: Cristina Cubillo (Marola), Mertxe Salaberri (Antigua), Mikel Izurrategi (Ripalda), Josetxo Urrutia (Chinchorro), Luis Mari Okina (Verdier) eta Naroa Elortza (Abel). "17 urte nituen Abel mutikotxoa lehenekoz antzeztu nuenean, ia herri guztia moduan, Marolarekin maiteminduta nago; 13 urte gehiagorekin, pertsonaia bera bada ere, ezberdin ikusten dut" dio Elortzak. Aipatutako protagonista horiekin batera, badira beste batzuk ere, horiek, La tabernera del puerto obran estreinakoz bakarlari papela dutenak: Lander Oianguren (Leandro), Igor Ganboa (Juan de Egia, Marolaren senarra), Joxerra Mendizabal (Simpson) eta Luis Okina (Verdier), azken bi horiek, kontrabadista papelean sartuta" dio Elortzak.

Hobetzearena, baina, ez da abeslarien erronka bakarrik, dekoratuetan ere igarriko dugu-eta 13 urtetako saltoa. Urtarrilean hasi ziren lau lagun lanean eta azkeneko ukituetan ari dira egunotan. "Dekoratu espezialak dira aurtengoak, gustatutako direlakoan gaude. Orain 13 urte, kanpotik ekarri genuen guztia baita erropak ere. Aurten, berriz, azkenekoetan moduan, guk egin dugu dena; geureganatu egin dugu zarzuela" diote elkartetik.

Eskolako irakasle eta ikasleen orkestra

Maiatzean hasten dira Arrasate Musikaleko orkestrako kideak, Iker Olazabalen zuzendaritzapean zarzuela prestatzen. Irakasleek eta ikasleek (egungo eta baita garai batekoek ere) osatzen dute 50 laguneko orkestra, harizko, haizezko eta perkusio tresnekin.

Arrasate Musikalentzako erronka da zarzuelan parte hartzea horregatik, seriotasun handiz prestatzen dute; handia baita, ikasleentzako bereziki, lepo betetako herriko antzokian jotzea.

1957an ere Arrasaten egina

Estreinatzear dagoen obra Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak bigarrenez egingo badu ere, hirugarren aldia izango da Arrasaten La tabernera del puerto antzeztuko dutena; izan ere, musika gustuko zuen Arrasateko gazte talde batek, 1957ko maiatzaren 4an egin zuen-eta estreinakoz herrian.

Orduko protagonistak izan zirenen artean badaude oraingoan parte hartuko duten senitarteko eta gertuko asko, koruan zein protagonista paperean ere, horien artean: Libe Iñarra, Abel izan zena, gaur egungo Antiguaren (Mertxe Salaberri) ama, Jose Mari Mendizabal, orduko Juan de Egia eta egungo Simpson den Joserra Mendizabalen aita eta garaiko Simpsonen suhia.

---------------------------

Mertxe Salaberri: 'Antigua'

Eskarmentua du zarzuelan Mertxe Salaberrik; abeslari izateaz gainera, eszena zuzendari lanak ere egin izan ditu. Aurten 'Antigua' izango da, bigarrenez.

'La tabernera del puerto' berezia da zuretzako. Zelan zaude?

Horrela da bai; batetik, egin genuen lehenengoa delako eta bestetik, 1957. urtekoan amak parte hartu zuelako; eta, hain justu, gurea estreinatu genuen urtean hil zen. Emozioz beteta nago, baina urduritzen hasita ere bai dagoeneko.

Bitxikeria asko daude kontatzeko, horietako bat, zuek lorak oparitzen dizkiezuela, besteak beste, bakarlariei baina garai baten lapikoa.

[Barreak]. Egia da bai, garai bateko sopranoak presio-eltzea jaso zuen lan onaren ordainetan.

Zelakoa da zuretako obra?

Musika aldetik, oso polita da. Kantu edo estribilo ezagun asko ditu, lagurnarteko bazkarietan sarritan abesten diren kantuak dira asko. Izen handiko soprano, baritono edo tenoreek sarritan abestu izan dituzten kantuak dira. Obra oso zaila dela ere esan beharra dago, baina, duda barik, polita!.

Errepikatu egingo duzue baina listoia gorago jarrita.

Orduan oso ausartak izan ginela sarritan diogu entseguetan, baita Tere Gonzalez zuzendariak ere. Egin genuen eta ondo esango nuke, ikusleei ere asko gustatu zitzaien. Orain, berriz, hobeto egin gura dugu, elkartearen bilakaera igartzea gurako genuke-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak