Fagor Etxetresnetako Kontseilu Soziala: "Bizirik mantenduko dugu kooperatiba eta gainerako bazkideekin dugun konpromisoa"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 8a, 13:04

Fagor Etxetresnetako Kontseilu Sozialeko hiruzpalau laguneko ordezkaritza bat Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batzartu zen atzo –eguena– Lakuan, eta gaur goizean ohar bat plazaratu du. Adierazi du "bizirik" mantenduko duela "bai kooperatiba eta bai gainerako bazkideekin duen konpromisoa", eta lanean jarraituko duela "maila guztietan eta eskura dituen baliabide guztiekin".

"Bere gain" hartu du egungo egoeran Kontseilu Sozialak berak eta bazkideek duten erantzukizuna, baina, horrekin batera, ohartarazi du ez duela onartuko "ezerezean gera daitezela beste ardura batzuk ezta bazkideek zentzu horretan jaso dezaketen tratu desegokirik ere".

Kontseilu Sozialak eskerrak eman ditu Mondragon Korporazioko gainontzeko kooperatibetako bazkideengandik "orain arte jasotako eta etorkizuneko laguntza eta solidaritatea" dela-eta, eta hausnarketarako deia egin du: "Denok hausnartu beharko genuke gertatutakoaren inguruan, eta lanean jarraitu mugimendu kooperatibista indartze aldera".

Azkenik, herritarrei eta erakunde publikoei dei egin diete "industria sektore eta enpleguarekin, finantza sistemarekin erakutsitako adinako konpromisoa adieraz dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak