"Kantari saioa jende askoren artean egiten da"

Imanol Gallego 2013ko aza. 8a, 11:14

Fokuak, musika, oholtza... Debagoieneko Kantari karaoke ikuskizunak zapatuan, 15:30etatik aurrera, Bergarako Zabalotegi aretoa hartuko du. Aretoan grabatuko diren sei saioetan 160 gaztetxok hartuko dute parte.

Aurreko astean Amaia Txintxurreta saioaren aurkezlearekin entsegua egin eta gero, guztia prest dago: "Lasai dauden arren, irrika erraz ikusten da". 8 eta 12 urte bitarteko gazteek ilusio handiarekin parte hartzen dute, eta, Txintxurretak autograforik sinatu ez duela onartu arren, gaztetxoekin hainbat argazki atera ditu.

Hala ere, saioko aurkezleak argi dauka: "Kantari gaztetxoentzat hitzordu handia da". Horregatik, sor daitezkeen urduritasun uneak gutxitu eta saioa bera hobeto prestatzeko, entsegua egiteko erabakia hartu zuten.

Familia eta guzti

Abeslari gazteak ez dira bakarrik  joaten, eta, grabaketa egunean ez ezik, entseguetan ere gurasoak eta anai-arrebak bertan egoten dira: "Sara, parte hartzaile baten ahizpa, 4 urte izan arren, oholtza gainera igo eta dantzan eta kantuan aritu zen entseguan", gogoratzen du Txintxurretak.

Grabaketa egunean, gainera, artista txikien familia eta lagunen gozamenerako, parte hartzaile bakoitzak sei sarrera jaso ditu.

Bada, bideo eta argazki kameren atzean ezkutatu arren, gurasoak parte hartzaileak baino urduriago egongo dira. Entseguan, gutxienez, batek baino gehiagok saioa grabatu eta gaztetxoekin errepasatzen duela dio aurkezleak.

'K' ikusgarria

Goienako beste saio batzuekin gertatzen den moduan, Kantariko dekoratua Lanbide Hastapeneko ikasleen lana da. Aurreko dekoratuari buelta bat emateko asmoz, aurtengoak diskoteka handi baten itxura dauka. Taula gainean K handi bat izateaz gain, diskoteka-bola batzuk ere baditu. "Hasierako ideia Goienatik jaso genuen, baina CD zatiak erabiltzeko proposamena gurea da", dio Aitor Guridi irakasleak.

Argazkian ageri diren hiru ikasleek izan dute taula gainean ikusten den K handia egiteko ardura. Astebete egiten igaro ostean, "harro" daudela kontatu digu Guridik. "Aretxabaletara dekoratua ikustera joan ginenean sakelako telefonoak atera eta argazki pila atera zituzten; ikasleentzako, eurek egindako lan batek horrelako oihartzuna izatea guztiz berria da".

Telebistan ikusteko aukera

Hurrengo herriak Oñati eta Arrasate izango dira, baina itxaron ezin duten horiek adi egon behar dute; izan ere, Goiena telebista hasi da aurtengo lehen saioak eskaintzen. Martitzenetan eta eguenetan 19:35ean emititzen dira emanaldiak, eta bertan, Eskoriatzako eta Aretxabaletako gazteen saioak ikusten hasiak gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak