Arabako ahaldun nagusia Aramaioko Udal ordezkariekin elkartu da

Arabako ahaldun nagusi Javier de Andres Aramaion egon da gaur goizean udal ordezkariekin bilera egiteko. Ordubeteko saioan, besteak bestek, Fagor izan dute berbagai. Izan ere, Aramaioko 62 herritar dira Fagor Etxetresnetako lan bazkide aktiboak; hala, herriak bizi duen egoera lehenengo eskutik ezagutu gura izan du Arabako diputatu nagusiak, eta atzo Lakuako bileran esandakoak errepikatu ditu, ikuspegi global batekin landu behar dela arazoa, hain zuzen.

Diputatu nagusiarekin batera batzarrean egon dira, besteak beste, Ramon Ajuria Aramaioko alkatea, Lierni Altuna alkateordea eta Jose Zurita Ekonomia Sustapen diputatua.

Fagor Etxetresnetako egoerak Aramaion izan ditzakeen ondorioak, eta oro har, bertako errealitatea ezagutu gura izan ditu De Andresek. Horrez gain, atzo Lakuan eginiko bileran esandakoak berretsi ditu Aramaion: hain zuzen ere, tokian tokiko irtenbideak eman barik, arazoari modu global batetan aurre egin behar zaiola.

Horren harira, atzo iluntzean Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Edesa lantegiari laguntzeko hiru milioi euroko bermea jarriko dutela eta bere iritziaz galdetuta, erabakia ez duela epaituko baina irtenbide globalak bilatu beharra azpimarratu du.

Bestalde, Aramaioko alkate Ramon Ajuriak bilera modu positiboan baloratu du eta Arabako ahaldun nagusiarekin bat etorri da arazoari modu orokor batetan aurre egin behar zaiola iritzita.

Hori horrela, gaurko bileran bi aldeek esan dute "arazoari irtenbidea bilatu gura baldin bazaio Eusko Jaurlaritza, Aldundiak, udalak, Mondragon Korporazioa eta Fagor Etxetresnak" guztiak mahaian eseri behar direla.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.