Fagor Etxetresnak ostiralean sartuko da hartzekodunen konkurtsoan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 7a, 18:40

Atzo arratsaldean –eguaztena– Jaurlaritzak, hiru aldundiek, herri kaltetuenek, Mondragon Korporazioak eta Fagor Etxetresnek Lakuan egindako bilera amaitutakoan jakin zen berria: Poloniako filiala –Fagor Mastercook S.A.– aurreko eguenean, eta Frantziakoa –Fagor Brandt– atzo arratsaldean hartzekodunen konkurtsoan sartu eta gero, egoera horretan bertan egongo da Fagor Etxetresnak ere bihartik aurrera. [ARGAZKIAK]

• • •

Inazio Azkarragaurizar: "Lehenago ere erori dira pisuzko enpresak Arrasaten eta irten gara"

• • •

Arabako ahaldun nagusia Aramaioko Udal ordezkariekin elkartu da, Fagorren eragina aztertzeko

• • •

Soldata eta erretiroaren osaketa izan dira Etxetresnetako langile ohien ardurak gaurko batzarrean

Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Arantza Tapia sailburuak egin zituzten adierazpenak bilera ostean. Biek ala biek zabaldu zuten mezua izan zen dagoeneko eztabaida ez dela Fagor Etxetresnekin zer egin, baizik eta "likidatu" egingo dela eta ondorioak nola kudeatu aztertu behar dela orain.

Korporazioko ordezkariek ez zuten bilera ostean adierazpenik egin, baina prentsa oharra bidali zuten hedabideetara. "Etxetresnetan soberakin gertatzen den enpleguari irtenbideak emateko prestutasuna" berretsi zuten, eta irtenbide posibleen jokaleku bat bistaratzen ari dela gaineratu: "Gaur-gaurkoz, kontuan hartuta kooperatibetan jasotzen ari den erantzun positiboa, datozen hilabeteetarako irtenbide posibleen jokaleku bat bistaratzen ari da 1.000-1.200 pertsonaren kolektibo batentzat, birkokatzeak eta aurretiko erretiroak barne".

Martin Garitano ahaldun nagusiak kezka agertu zuen, ordea, Mondragon Korporazioaren erabakiaren harira, ez duelako konponbiderik "bermatzen" bazkide ez direnentzat: "Mondragon Korporazioak bazkideei, soilik bazkideei, irtenbidea emateko konpromisoa hartu du, birkokatzeak eginez, baina hori ez da soluzioa gainontzekoentzako". Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko erabakia albiste "txarra" dela esan zuen eta, horren ondorioz, "itxi" egingo dela gaineratu zuen.

Arantza Tapiak, Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasun sailburua, esan zuen "deskontu denboran" daudela, eta gehitu zuen Mondragon Korporazioak egingo duela berari dagokion analisia, baina Ekonomia sailak azterketa orokorra egin behar duela. Izan ere, Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeak Euskadiko enplegu eta ekonomian "eragin handia" izango du, bere hitzetan, eta, jende asko langabeziara joango dela kontua izanik, jorratu asmo dituzten lan-ildoen berri eman zuen.

Ordezkaritza oso zabala

15:00ak pasatxo hasi zuten bilera Lakuan eta bi ordu eta laurden iraun zuen. Ikusmin handia eragin zuen eta batutako hedabide mordoa izan zen horren erakusle.

Ordezkaritza oso zabala batu zen bertan, ia 20 lagunekoa. Jaurlaritzako ordezkari moduan, Arantza Tapia, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailburua, eta Enplegu eta Industria sailburuordeak joan ziren; bertan izan ziren baita ere hiru aldundietako diputatu nagusiak (Martin Garitano,  Gipuzkoatik; Jose Luis Bilbao, Bizkaitik; eta Javier de Andres, Arabatik) eta lurralde bakoitzeko sustapen diputatuak (Gipuzkoatik, Pedro Iturbe, Antzuolako alkate izandakoa); lau alkate (Arrasateko Inazio Azkarragaurizar, Aretxabaletako Ana Bolinaga, Azpeitikoa eta Basaurikoa); Mondragon Korporaziotik, Txema Gisasola presidentea, Mikel Zabala eta Zigor Ezpeleta; eta Fagor Etxetresnetatik, Xabier Bengoetxea presidentea eta Sergio Treviño zuzendari orokorra.

Arratsaldean zehaztu zen eguna, baina eguerdirako baieztatu zuen Goienak korporazioaren bitartez, Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko direla. Espainiako Industria, Energia eta Turismo ministroaren hitzei erreferentzia eginez berri-agentziek zabaldutako informazioa ezagutu ostean baieztatu zuen albistea Goienak.

Basauriko eta Azpeitiko lantegiak

Basauriko Edesa ez da sartuko hartzekodunen konkurtsoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundia Azpeitiko Grumal laguntzea aztertzen ari da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak