Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko da

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 6a, 16:07

Hala izango dela baieztatu diote Mondragon Korporazioko iturriek Goienari, hau da, Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko direla adierazi diote, baina ez dakitela noiz. Espainiako Industria, Energia eta Turismo ministroaren hitzei erreferentzia eginez, berri-agentziek zabaldutako informazioa ezagutu ostean baieztatu du albistea Goienak. Bestalde, Fagor Etxetresnetatik adierazi berri digutenez, Frantziako filiala, Fagor Brandt, sartu da hartzekodunen konkurtsoan; arratsaldeko lehen orduan sartu da.

Berri-agentzietatik esan dute Jose Manuel Soriak, Espainiako Industria, Energia eta Turismo ministroa, adierazi duela Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko direla, Mondragon Korporazioko presidente Txema Gisasolak atzo jakinarazi zionez.

Diotenez, Soria ministroak esan du "gertutik" jarraitu duela Fagor Etxetresnen krisia azken hilabeteetan, "Txema Gisasolak unean unean egindako likidazio injekzioen berri eman" diolako; baina ez dela "aski" izan arazoa konpontzeko eta, horregatik hain justu, sartu zirela hartzekodunen aurre-konkurtsoan.

Fagor Brandt sartu da

Fagor Etxetresnekin ere jarri da harremanetan Goiena eta adierazi digute aste honetan edo hurrengoan sartuko direla hartzekodunen konkurtsoan, oraindik finantzaketa bilatzeko lanean jarraitzen duten arren, "oso, oso, oso zaila" ikusten dutelako.

Frantzian bai, han badela nobedaderik azaldu digute, hango filiala gaur arratsaldeko lehen orduan sartu delako hartzekodunen konkurtsoan; goizean komunikatu diete berria hango sindikatuei. Nanterreko auzitegian egin dute eskaera.

Gaur arratsaldeko bileraren gainean galdetuta, ez dute itxaropenik finantziazioari dagokionean: "Ez dugu uste finantzazio arazoarentzako konponbiderik etorriko denik handik. Bilera hori gehiago da enpresaren krisiak ahalik eta kalte gutxien eragin dezan soluzioak bilatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak