Kutxa eta Kutxabankek ere finantziazioan parte hartu dezaten gestioak hastea proposatuko du Diputazioak biharko batzarrean

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 5a, 20:07

Bihar, eguaztena, izango da Fagor Etxetresnen gaineko batzarra. 15:00etan ekingo diote, Gasteizen, Lakuan. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak; Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundietakoak; Debagoieneko alkateak eta Basaurikoa; eta Mondragon  Korporazioko eta Fagor Etxetresnetako ordezkariak. Astelehenean egitekoak ziren batzarra Arrasaten baina, Mondragon Korporazioko presidentearen azken orduko agenda aldaketa batengatik bertan behera geratu eta gero, eguaztenerako egin zuten deialdia lehendakaritzatik.

Enpresaren krisiak ahalik eta kalte gutxien egin dezan bideak aztertzen hastea da bileraren helburua.

Proposamen bikotza

Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamen bikoitza egingo du bileran: Fagor Etxetresnek trantsizio egoera honetarako plan bat aurkeztea, batetik; eta plan horren finantziazioan Laboral Kutxa eta Lagun Arorekin batera, Kutxa eta Kutxabankek ere parte hartzea, bestetik. Hala adierazi du eguerdian Larraitz Ugarte bozeramaileak, kontseilu osteko prentsaurrekoan.

"Guk gure burua konprometitzen dugu eta Jaurlaritzari ere konpromisoa eskatzen diogu, bai Kutxan eta bai Kutxabanken finantziazioa lortzeko gestioak egiteko", adierazi du. Eta ildo horretatik, gehitu du astelehen goizean Martin Garitano, ahaldun nagusia, Xabier Iturberekin, Kutxako presidentea, elkartuko dela finantziazio hori lortzeko gestioak egiten hasteko.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok "azken minutura arte" lanean jarraitzeko deia egin du, eta Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburu Arantza Tapiak aurreratu du "errudunak" bilatzen hasi beharrean "irtenbideak" aurkitzeko unea heldu dela, eta Jaurlaritzak enpresarekin batera egingo duela lan, agertoki "larri eta konplexuari" irtenbidea ematen saiatzeko.

Aurreikuspenak "okertu"

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua, bestalde, Legebiltzarrean izan da gaur, Ogasun eta Finantza Sailetako aurrekontuak aurkezteko. Datorren urtea "zaila" izango dela berretsi du eta Fagor Etxetresnek bizi duten egoerak Jaurlaritzaren aurreikuspenak "okertu" ditzakeela gaineratu du. Etxetresnen "krisiak" zenbaterainoko eragina izango duen ikusteko dago, ordea, bere esanetan.

Elkarretaratzea

Biharko bilera dela-eta, elkarretaratzea deitu dute Gasteizen. Arrasatetik autobusak irtengo dira, 10:30ean, San Andresetik. 180 lagunek, gutxienez, eman dute izena autobusez joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak