Bihar egingo dute Fagor Etxetresnen gaineko batzarra

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 5a, 09:19

Debagoieneko alkateekin eta Diputazioko eta Jaurlaritzako ordezkariekin batzekoak ziren Mondragon Korporazioko ordezkariak atzo, astelehena. Bada, azkenean bihar, eguaztena, batzartuko dira, 15:00etan, Gasteizen. Helburua da Fagor Etxetresnen egoerari irtenbidea bilatzea eta enpresaren krisiak ahalik eta kalte gutxien egin dezan bideak aztertzen hastea. Bileraren garrantzia azpimarratu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak goizean, hitzordu berria finkatu aurretik.

Atzo egitekoak ziren batzarra Mondragon Korporazioko presidentearen azken orduko agenda aldaketa batengatik geratu zen bertan behera. Biharko bilera Lakuan, exekutiboaren egoitza nagusian, izango da eta bertan izango dira atzo parte hartzekoak ziren ordezkariak. Baita Basauriko alkate Andoni Busquet ere.

Eusko Jaurlaritzatik, Arantza Tapia –Ekonomia eta Lehiakortasun Sailburua– eta Juan Mari Aburto –Enplegu eta Gizarte Politiken Sailburua– egotekoak ziren bileran; Gipuzkoako Foru Aldunditik, Martin Garitano –ahaldun nagusia– eta  Jon Peli Uriguen –Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatua; eta horiekin batera, Debagoieneko eta Urolako alkateak ere esku hartzekoak ziren –Azpeitian dago Fagor Etxetresnena den Grumal lantegia. Korporazioko eta Fagor Etxetresnetako ordezkariekin batzartzekoak ziren, enpresaren krisiak ahalik eta kalte gutxien egin dezan bideak aztertzen hasteko.

Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburu Arantza Tapiak aurreratu du "errudunak" bilatzen hasi beharrean "irtenbideak" aurkitzeko unea heldu dela, eta Jaurlaritzak enpresarekin batera egingo duela lan, agertoki "larri eta konplexuari" irtenbidea ematen saiatzeko. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, bere aldetik, "azken minutura arte" lanean jarraitzeko deia egin du.

"Erlojuaren kontra"

Fagor Etxetresnak kooperatiba erlojuaren kontra ari da lanean, aurrera egiteko behar dituen 170 milioi euroak lortzeko; izan ere, Mondragon Korporazioak asteazkenean iragarri zuen ez zituela Fagor Etxetresnak diruz gehiago lagunduko, proiektua ez dela bideragarria argudiatuta.

Aste honetan finantziazioa lortzeko dituen azken aukerak baliatzen saiatuko da kooperatiba, beraz, nahiz eta hori lortzea "oso zaila" izango dela onartu. Astebetean argiturik beharko luke bideak, Fagor etxetresnetako zuzendari nagusi Xabier Bengoetxeak joan zen eguenean Goienari adierazi zionez. Bezperan sartu zen hartzekodunen lehiaketan Poloniako filiala eta, ezer lortu ezean, zazpi-hamar egunetan, Frantziako filiala eta Fagor Etxetresnak ere konkurtso egoeran egongo direla azaldu zuen. Hartzekodunen lehiaketara sartuz gero, fase berrian sartuko da kooperatiba, likidazio fasean, eta Bengoetxearen esanetan, une horretatik aurrera, administrariak hartuko ditu erabakiak. 859 milioi euroko zorra du kooperatibak; herena, banketxeekin.

Jaurlaritzaren laguntza, eztabaidagai

Eusko Jaurlaritzak Fagor Etxetresnak kooperatibari emandako laguntza eztabaida iturri izan da asteburuan, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Patxi Lopez lehendakari ohiaren artean.  Fagor Etxetresnak kooperatibaren auzian "zuhurtziagabekeriaz jokatzea" eta "hondorik gabeko zaku batera 50 milioi botatzea" egotzi diete sozialistek. Kritika horiei erantzunez, Urkulluren gobernuak argitu du, orotara, Jaurlaritzak 52 milioi euroko laguntza eman diela Fagor Etxetresnei eta horietatik 27 milioi sozialisten eskutik jaso zituztela.

Basauriko langileak itxialdian bihartik

Basauriko lantegiko langileak itxialdian daude gaurtik, beldur baitira, zenbait komunikabidetan azaldu dutenez, langileen birkokatzeetan Lagun Aroko langileek lehentasuna izan dezaketelako Korporazioarentzat, Edesakoak bere garaian ez ziren-eta Lagun Aroko EPSVra batu.

Arrasateko langileei dagokienez, ez dute ezer erabaki. Gaur bertan batzartuko da atzera ere Kontseilu Soziala eta orduan aztertuko dute gaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak