Xabi Abasolo arrasatearra bigarren azkenean Espainiako enduro txapelketan

Julen Iriondo 2013ko aza. 3a, 23:28

Bartzelonan bi egunetan jokatutako azken lasterketetan bigarren izan da Borja Nietoren atzetik, eta hurrenkera berean geratu dira sailkapen orokorrean ere. Hautsaren ondorioz arazoak izan zituen Abasolok motorrarekin, baina gustura amaitu du denboraldiarekin –cross country-an Espainiako Txapeldun izan da–.

Bi egunetan jokatu da Bartzelonan Espainiako enduro txapelketako azken proba, eta bietan bigarren egin du Xabi Abasolo arrasatearrak, lehia hasi aurretik sailkapen orokorreko lidertzan berarekin puntuetara berdinduta lehen postuan zegoen Borja Nietoren atzetik. Ondorioz, hurrenkera horretan amaitu dute sailkapen orokorrean ere.

Lasterketaren amaieran oso pozik zegoen Abasolo denboraldiak emandakoarekin –cross country-an Espainiako txapeldun eta enduroan bigarren–, nahiz eta pena izan azken unera arte hortxe edukitako garaipenak ihes egin izanagatik: "Denboraldi hasieran ez nituen halako emaitzak espero", zioen.

Asteburuan, ordea, ezin izan du urtea borobildu. Hauts asko omen zegoen egin beharreko ibilbideetan, eta arrasatearrak arazoak izan zituen motorrarekin: "Zapatuan hauts asko sartu zitzaion motorrari, eta domekan huts egiten hasi zen, gero eta gehiago; geratu egiten zen. Saiatu naiz nola edo hala bigarren postua mantentzen, eta lortu dut", zioen Abasolok.

Esker oneko hitzak zituen bere taldeko –Sherco– laguntzaileentzat, motorrarekin arazoak izan dituen momentuetan emandako laguntzagatik: "Gainean egon dira denbora denean".


Ibilbidea egoera txarrean
Hautsarekin izandako arazoa ez zen, baina, Abasolorena bakarrik izan: "Ibilbidea oso gaizki zegoen, hautsarekin ez zen ezer ikusten, arriskutsua zen eta domekako saioa bertan behera uztekotan izan ziren". Antolatzaileek kexa asko jaso zituztela ere bazioen, eta motor asko puskatu zirela hautsaren ondorioz. Bertan behera ez zuten utzi –beteranoen lasterketa bai–, baina ibilbideak moldatu egin zituzten, erdira moztu, gutxi gorabehera.

Hautsarekin arazorik izan ez zuenetako bat bere aurkaria izan zen: "Nietori asteburu borobila atera zaio". Eta, ondorioz, harentzako Espainiako txapela.

Bartzelonakoarekin amaitu du pilotu debagoiendarrak aurtengo denboraldia. Orain hilabeteko atsedena hartuko omen du, datorren urtean cross country-an eta enduroan lehiatzeko berriz ere, asmo onenekin gainera, motor berrira oraindik hobeto egokitzea espero du-eta. Denboraldia aurrera zihoala, aurrez entrenamenduetan egokitze lan hori egiteko denborarik gabe hartu du aurten motor berria, eta haren errendimenduarekin oso gustura egon arren, hurrengo denboraldian probetxu handiagoa atera diezaiokeelakoan dago Abasolo.

Motor ona badu, beraz, eta taldearen konfiantza ere bai: "Datorren urtean ere Sherco taldearekin jarraituko dut. Atzo egon nintzen nagusietako batekin eta esan zidan oso-oso gustura daudela nirekin; ni ere oso pozik nago eurekin, oso ondo tratatzen naute", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak