Mikel Aristi: "Irteten da albiste bat; derrepente esaten digute ezetz eta ilusioa pikutara doa"

Julen Iriondo 2013ko aza. 2a, 22:02

Euskadi Fundazioko txirrindulari bergararra triste mintzo da Kontinental mailako taldea ateratzeko Ner Groupekin bideratuta zirudien akordioa gauzatu ez ostean. Oraindik esperantza baduela dio, ordea. Txirrindulariek atera zuten oharrarekin ez zutela inoren kontra egin nahi adierazi du, eta Euskadi Fundazioarentzat eta Migel Madariagarentzat berba onak baino ez dituela.

Beste kolpe gogor bat izan da askorendako, tartean balizko egitasmo honek zuzenean eragin ziezaiekeen bi debagoiendarrentzako, Jon Odriozolarentzako –kirol arloaz arduratzekoa zen– eta Mikel Aristirentzat.

Aristi Euskadi Fundazioaren taldean dabil, eta baliabide ekonomiko faltagatik taldea desagertzera bidean, itxaropena piztu zitzaion –gainerako taldekideei moduan– Ner Groupen asmoen berri izaterakoan, nahiz eta jakin ez Odriozola zuzentzekoa zen egitasmo berrian lekurik edukiko zuen edo ez.

Bideratuta zirudien akordioa pikutara joanda, horrela mintzo da Aristi, hasteko gertaturikoaren gainean, ez alde batek ez besteak zergati garbirik jarri ez dioten gertakariari buruz ezer berririk esan ezinda: "Nik dakit zuek dakizuen berdina. Guk oso gutxi dakigu, ez digute ezer esaten, ez gara ezerekin enteratzen".

Akordiorik eza ezagutu zenean ohar bat plazaratu zuten Euskadi Fundazioko txirrindulariek. Bertan adierazi zuten, besteak beste, Jon Odriozola "botata" utzi dutela –eskatzen zioten baita ere ez zezala amore eman–. Ohar horrekin zer nahi zuten ere azaldu du txirrindulari bergararrak: "Gure helburua ohar hori ateratzerakoan ez da izan inori ezer aurpegiratzea, baizik eta esatea Jon lur jota dagoela, ematen zuela salbatu egin behar gintuela, eta saiatu nahi genuen Ner Groupek edo dena delakoak erabakia birpentsatu zezan; ez da izan inongo momentutan gure helburua inor gaizki jartzea, guztiz kontrakoa".

Euskadi Fundazioarentzat eta Miguel Madariagarentzat berba onak ditu: "Eurek egin dute ahal zuten dena, baina gauzak ez daude erraz. Ezin zaie ezer aurpegiratu; nik Fundazioari eta Migeli bakarrik eskerrak eman diezazkieket; nirekin oso ondo portatu dira beti eta eurie esker eduki dut aurtengo urte hau. Eurek ahal izan dutena egin dute, gauzak ez daude batere ondo taldeak ateratzeko".

Gauzak gertatu diren modua ez du gustuko Aristik: "Pertsonak gara. Irtetzen da albiste bat eta ilusionatu egiten gara, eta derrepente esaten digute ezetz eta ilusio hori pikutara doa".

Etorkizunari buruz: "Niri gustatuko litzaidake zuei esatea nirekin ez dela inor kontaktuan jarri, eta ez dudala ezer. Ez dudala talderik datorren urterako. Laneko kontratu batekin nago, Euskadi taldearen kontratua, eta datorren urtean ez dakit nola egongo naizen. Dakidan bakarra da ni orain nagoen talde hau ematen duela desagertu egingo dela. Besterik ez dakit".

Datorren denboraldian tropelean egoteko, azaro erdirako behar lirateke Kontinental mailako taldea bideragarri egingo luketen baliabide ekonomikoak: "Ez dago denbora asko", aitortzen du, baina itxaropenari eusten dio: "Beti; ez dakit nork, nola, ze talde, baina zerbait irtengo dela seguru nago". Dei egiten die zaleei egitasmo hau aurrera atera dadin laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak