'Madonna zurrunbiloa'-ren osteko aurkezpen bira

Imanol Gallego 2013ko urr. 31a, 10:10

Perkusioa, sentimenduak, erritmoa, musika... Euskal musikaren hastapen doinuek Oñatiko Gaztelekua beteko dute. MDNA bira bukatu eta gero, Kalakan hirukotea Euskal Herrira bueltatuko da. Bira horrek, euskal doinuak nazioartean erakusteaz gain, euren izaera sortzailea ideia eta proposamen berritzailez betetzeko ere balio izan die. Bada, gaur 22:30eko kontzertua ikusteko sarrerek 8 euro balio dute.

Madonnarekin mundu mailako bira egin ostean, hirukotea berezkoak dituen kontzertu txikietara bueltatu da. Argia eta apainketa neurtu baten laguntzarekin, Kalakanen musikak protagonismo handiagoa lortzen du.

Hirukoteak ez daki geldirik egoten, eta, nolabaiteko arriskua hartuz, ustekabeari eta naturaltasunari lekua uzten dio. Abesti berrietan taldearen aztarna eta ibilbidea erraz igartzen da. Musika moldaketek Nafarroako Erriberatik Zuberoako bailaretara, Rio de Janeiro, New York, Londres, Erroma eta Amsterdamera eroango dituzte entzuleak.

90 minutuan, Thierryk, Jamixelek eta Xanek euren ahotsen eta perkusioaren laguntza besterik ez dute izango. Hirurek XVI. mendeko kantuak gaurkotasunez jantzi dituzte; horrez gain, egungo hainbat olerki ere kantatzen dituzte. Kontzertua sorpresaz josita egongo da, eta zaila da hirukote horren musika genero batean kokatzea. Gaztelekura joaten direnek haur kanta baten doinu leunetatik ahots eta perkusio doinu harroagoetara egingo dute salto.

Kalakanek euskal musika munduratu egin du, ireki, zabaldu. Iparraldeko hirukote horren gonbidapena onartzen dutenek belarri eta begiak zabaltzeaz gain, bihotza ere ireki beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak