Lehiaketan sartuz gero, "uste osoa" dute enpresaren jarduera eta lanpostuak betirako galduko direla

Jon Berezibar 2013ko urr. 30a, 16:39

Fagor Etxetresnetako Errektore Kontseiluak eta Kontseilu Sozialak, biak elkarrekin, komunikabideetara zabaldutako oharrean esaten da jarduera errentagarri bihurtu eta lanpostuen zati "esanguratsu" bati eusteko bideragarritasun plana garatu dutela eta finantziazioa eskatu dietela Korporazioari eta "erakunde autonomiko eta estatalei". Fagor Etxetresnak hartzekodunen lehiaketara aurkeztuz gero, "lanpostu guztiak betirako" galduko direla diote. Oharrarekin batera, biharko manifestaziorako deia egin dute kontseiluetako ordezkariek.

[Oharra bere osotasunean]

Kontseilu Errektoreak -gobernu kooperatiboko organoak- eta Kontseilu Sozialak -kooperatibako bazkideen ordezkaritza sozialeko organoak- honakoa adierazten dute:

1. Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek enpresaren berregituraketa eta jarduera errentagarriak,  lanpostuen parte esanguratsuarekin batera, mantentzea ahalbidetuko lukeen bideragarritasun plana garatu du. Plan hau aurrera eramateko Mondragon Korporaziora eta erakunde autonomiko eta estatalei eskatu zaie finantzazioa.

2. Aurreikusten den finantzazio gabeziak enpresa hartzekodunen lehiaketa berehalakoan aurkeztera derrigortzen du ezinbestean, honako ondorioekin:

a. Enplegu galera, hornitzaile, kontrata, komertzioen eta abarren enpleguei ere eraginez (4.000 lanpostutik gora Euskal Herrian bakarrik).

b. Inpaktua bazkideen aurrezkietan (borondatezko ekarpenak eta bazkide ez-aktiboen eta laguntzaileen maileguak).

c. Inguruneko enpresa eta kooperatiba batzuetan ere biziraupena kolokan jartzerainokoa izan daiteke kaltea.

d. Eskualdeko aberastasun ekonomiko eta sozialari egiten zaion ekarpena galtzea.

e. Merkatuan 50 urtetik gorako presentzia eta lidergoa duen marka ezagun eta prestigiotsu baten merkataritza fondoa galtzea.

3. Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek adierazi nahi du uste osoa duela hartzekodunen lehiaketan sartzeak enpresaren jarduera eta lanpostu guztiak betirako galtzea ekarriko lukeela.

4. Bestalde, sistema kooperatiboaren oinarri diren elkartasun balioei eutsiz, konfiantza du enplegu guztiak mantenduko direla, birkokapenen zein jarduera berrien sorreraren bidez, eta baita aurre-erretiro eta aldez aurretiko erretiro duinak lortuko direla egoera horretan leudekeen bazkideentzat.

OHARRA: Enplegua defendatzearen aldeko manifestazio baterako deia egiten diegu Fagor Etxetresna Elektrikoak eta Edesako langile guztiei. Era berean, gonbitea luzatzen diegu gure arazoak eragiten dielako edo elkartasuna adierazi nahi dutelako gurekin bat etorri nahi duten herritar guztiei.

Manifestazioa Fagor Etxetresna Elektrikoak-eko Arrasateko San Andres auzoko egoitzatik aterako da urriaren 31ko arratsaldeko 18:00etan eta herriko kaleak ibili ondoren plaza nagusian bukatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak