Oñatiko Mendi Asteak Dennis Urubko ekarriko du

Xabier Urtzelai 2013ko urr. 31a, 10:42

Askok Iñaki Otxoa de Olzaren omenez egindako Pura vida filmean ezagutu genuen Dennis Urubko goi-mendizalea. Kazajistangoa izan zen Otxoa de Olza erreskatatzeko lanetan buru-belarri ibili zen lagunetako bat, eta halaxe jaso zuen filmak. Urubko, baina, askoz lehenagotik zen ezaguna, goi-mendizaleen artean munduko onenetakoa delako The North Face taldeko kidea. [Barruan egitarau osoa]. Argazkia: sportvicious.com

Dennis Urubko 15. mendizalea izan da zortzimilako guztiak egiten, 2009an egin zuen-eta hamalaugarrena. Eta horietako bi neguan igo zituen, Gasherbrum II (2001) eta Makalu (2009); Hala, Urubkoren bisitarekin hasiko dute datorren astean Oñatin Aloña Mendiko mendi hamabostaldia, indartsu, horrenbestez. Urubko eguaztenean, azaroak 6, izango da Oñatin, Kultura Etxean (19:30). Itzultzaile lanetan, ostera, Alex Txikon laguna izango du. 

Eskalada, base jauzia, Raid-ak 

Ondorengo asteetan izango diren ikus-entzutekoetan eskalada eta raid gaiak nabarmenduko dituzte. Azaroaren 19an Carlos Suarez eskalatzailea izango da Oñatin, baina aspaldian base jauziak egiten dabil, eta gai horri helduko dio. Eskaladaz jardungo dute, esaterako, Egoitz Zubizarretak Patagoniara egindako bidaian, edota Iker Arroitajauregik. Uxue Frailek eta Saul Abrilek, berriz, raid-ak gerturatuko dituzte (azaroak 26), euren esperientzia kontatuz.

 

Mendi asteko egitaraua:

Azaroak 6: Dennis Urubko 

Kazajistango mendizalea.

Azaroak 19: Carlos Suarez 

Base jauzien gainean jardungo du.


Azaroak 20: Egoitz Zubizarreta [Hemen Goiena.net-en egindako albistea]

Patagonian, Cerro Torre eta Poincenot.

Azaroak 21: Zine Kluba, 'Autana' 

Amazoniako abenturaren filma.


Azaroak 22: 'Baltistan garatzen' 

Felix Baltistan Fundazioaren lana.

Azaroak 26: 'Raid-aren abentura'

Uxue Fraile eta Saul Abril.

Azaroak 27: 'Harri Aroa' 

Iker Arroitajauregi, boulderraz.

Azaroak 29: 'Lehoinabarraren aztarnak' 

Xabier Ormazabalen omenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak