Lan eta formazio orientazio zerbitzua Aretxabaletako Lanbide Eskolan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 29a, 18:17

Aretxabaletako Lanbide Eskolan lan eta formazio orientazio zerbitzua eskaintzen hasiko dira berriro ere. Prentsaurrekoan aurkeztu dute zerbitzua. Horrez gain, orain arte Bergaran zegoen Bizikasi programa, aurrerantzean bi herrien artean kudeatuko dutela ere eman dute aditzera. Pertsonak orientatzea, eta behar duten formazioa aukeratzen laguntzea izango da xedea.

Urte eta erdiko geldialdiaren ostean, Aretxabaletako Lanbide Eskolan lan eta formazio orientazio zerbitzua eskaintzen hasiko dira berriro ere. Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute Lanbide Eskolan bertan zerbitzua aurkezteko.

Rikardo Lamadrid zentroko zuzendariak berritasunen bat ere egongo dela gaineratu du: "Orain arte Bergaran zegoen Debagoienerako Bizikasi programa, eta aurrerantzean Aretxabaletan ere egongo da, "horrela bi herrien artean kudeatuko da zerbitzua".

Nuria Davila da Aretxabaletan bi zerbitzuetaz arduratuko den pertsona. Lamadrid eta Davilarekin batera, Bergarako Bizikasiko Miren Errasti, Aretxabaletako alkate Ana Bolinaga eta Aretxabaletako udaleko enplegu teknikari Nahia Agirre ere egon dira.

Zerbitzua, guztientzako

"Lan arloko orientazioa eskaintzen dugu, banakako eta taldekako ekintzak eskainiz". Davilak gaineratu du langabeentzako eta baita lana dutenentzako zerbitzua dela emango dutena. Eta euren misioa, bakoitzaren behar eta asmoetara egokituz, pertsonei beharrezkoa duten formazioa aukeratzen orientatzea eta laguntzea dela esan du.

Gainera, Bizikasiren helburu anitzez ere egin dute berba gaurko aurkezpenean: Bizitza osoan zeharreko ikaskuntza sustatzea; garapen pertsonala bultzatzea; gizarteratzen laguntzea; eskualde mailan formazio ekintzak garatzea; eta herritarren parte hatze aktiboa bultzatzea dira beraien xedeak.

Ekintza ezberdinak antolatu izan dituzte; 2006tik 2013ra bitartean Bizikasi programak 261 ekintza eraman ditu aurrera eta 5.526 pertsonek hartu dute parte.

Ordutegiak

Aretxabaletan astelehenetik ostegunera 09:00etatik 13:30era eta 14:30etatik 18:30era eta ostiraletan goizez emango dute zerbitzua.

Bergararen kasuan, ostera, goizeko 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30etara emango dute, egunero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak