Lehenengo gola, Berioko Pablok lortu du estrategiazko jokaldi baten ondoren. Jon Iturbe atezain antzuolarrak ezin izan du ezer egin gelditzeko. Baina etxekoek ez dute amore eman eta lehen zatia amaitzeko 10 minutu eskas falta zirenean, Aranak, jokaldi polit baten ondoren gola sartu eta partidua berdintzea lortu du. Ondoren beste aukera batzuk ere izan dituzte etxekoek. Josu Zubikarai eta Julen Arana behin eta berriz saiatu dira, baina ez dute zorterik izan.
Bigarren zatian ere indartsu
Bigarren zatian ere, gogotsu eta indartsu atera dira etxekoak, presio asko sartu eta aukera politak izan dituzte, baina 15 minutuan Iñaki Agirrek, arrisku gutxiko jokaldi batean akats bat izan eta bere atean sartu du gola. Baina elastiko gorridun mutilek ez dute amore eman eta dena eman dute bigarrena sartu eta berdinketa lortzeko. Minutu gutxi batzuk besterik ez dute behar izan euren helburua lortzeko, izan ere, 19.minutuan gutxi gora behera, Longaresek buruz gola sartu du.
Berdinketarekin nahikoa ez eta hirugarrena lortzeko aukera asko izan dituzte etxekoek. Baita Berioko jokalariek ere. Bazirudien bi eta bikoarekin amaituko zela partidua, baina azkenengo minutuan, Erik Jimenez Berioko jokalariak, gol ikusgarri eta bikaina sartu du.