Gaur goizean itzuli dira Fagor Etxetresnetako langile ohiak lantegira. Behintzat bai, haietako batzuk, Kontseilu Soziala osatzen dutenak. Batzarren astea dute oraingo hau. Gaur Kontseilu Soziala elkartu da eta bihar Fagor Talde osoko Kontseilu Soziala da batzartuko dena. Fagor Taldetik ez dute informazio ofizialik jaso eta ez omen dira eurekin harremanetan jarri. Orain arte entzundako berriei buruz ez dute baieztapen ala gezurtamenik jaso, hortaz. Ardura, pena eta zalantza dira, une honetan langileen artean zabaltzen diren sentimenduak.
Egoera ikusita, badaukazue mobilizazio gehiago egiteko asmorik?
Ikusi beharko dugu hemendik aurrera honek ze bide hartzen duen. Garbi daukaguna da bi mobilizazio egin direla eta bertan egin diren eskaerak argiak direla. Ikusi behar dugu ze erantzun jasotzen duten eskaera horiek eta horren arabera ikusiko dugu aurrera begira ze pauso eman. Gure asmoa da egoera honetan protagonista izan garen guztiok elkartu ahal izatea. Egoera honetara iristeko baldintzak zeintzuk izan diren aztertu eta aurrera begira gauzak argitzen joateko batzarrak egiteko asmoa dugu.
Mondragon Taldeko ordezkariekin harreman ofizialik izan duzue?
Momentuz ez daukagu berririk. Pentsatzen dugu hurrengo egunotan jakingo dugula. Eskatuko duguna da konkrezio gehiago 1.000 lanpostuko plan horren gainean. Asmoa da horrek gauzok zehazten joatea.
Zein da sentipen nagusia langile ohien artean?
Batez ere zalantza handiak dugu. Garbi dugu 1.800 lagun, Fagor Etxetresnetakoak eta Edesakoak, astelehenetik aurrera etxean gaudela eta garbi dugu honek bai Euskal Herrian, bai bailaran eta baita kanpoan ditugun Frantziako eta Poloniako enpresetan, kalte handia egin duela. Sentimendua da galduta gaudela, ez dakigulako, oraingoz, zeintzuk izango diren irtenbideak. Eta horiek azaltzen joan arte duda asko daude kolektiboaren artean. Gero, pena ere bai, ze gauza da egun batetik bestera jausi dela dena. Sentimendu asko daude. Urte askoan hor lanean egon den jendea dago eta lankideen arteko harreman sendoa apurtu egiten da momentu batetik bestera.
Eskaerei dagokienez, zehazki bi dira egiten dituzuenak, ezta?
Bat da Korporazioak esaten duen 1.000 lanpostuko plan hori zehaztea; irtenbidea ematea 1.800 langileri; irtenbidea eman horrek eragindako filial, hornitzaileei… egindako kalteei. Gure enpresak egindako galerekin, gure zorrekin zer pasatuko den jakitea falta zaigu eta, horrekin lotuta, eskaera zuzena egiten dugu irtenbidea edo, behintzat, esplikazioa emateko, eta, baita ere, ekarpenak eta aktibo ez diren bazkideen maileguekin zer pasatzen den argitzen joateko.