Mondragon Taldeak berretsi egin du eredu kooperatiboari buruzko "erabateko konfiantza"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urr. 20a, 10:46

Mondragon Korporazioak "pertsonen protagonismoan eta elkartasunean" oinarritutako bere eredu kooperatiboaren "baliagarritasun eta indarra" berretsi du. Horretaz gain, enpleguarekiko konpromisoa ere berretsi egin du. Bestalde, Mondragonek gogora ekarri du egun, kooperatiba guztiek osatzen duten salmenten %8,1 dagokiola Fagor Etxetresna Elektrikoen jarduerari. Azkenik, elkartasun mekanismoen defentsa egiten duela berretsi du: "Baliagarriak izan dira orain arte eta nortasun ezaugarri izango dira etorkizunean" dio Mondragon Korporazioak hedabideetara zabaldu duen oharrean.

"Mondragon Korporazioak pertsonen protagonismoan eta elkartasunean oinarritutako bere eredu kooperatiboaren baliagarritasun eta indarra berretsi" du. Prentsa ohar bidez helarazi du Mondragon Taldeak, "kooperatiben garapena ahalbidetu baitu eta lankidetzaren erreferentzia bilakatu baita" dio.

Enpleguarekiko konpromisoa

Mondragon Taldea lehen euskal industria enpresa taldea izanik eta hamargarrena Espainiako enpresa nagusien rankingean, "enpresa jarduera eta enpleguarekiko konpromisoa berresten" du.

Taldeak, egun, EAEko Barne Produktu Gordinaren % 3,2 du eta %7,4 industriako BPGri dagokionez. Gainera, EAEko enplegu guztiaren %3,5 berari dagokio eta industria enpleguaren %8,4. Euskal enpresek egindako esportazioen %12,2 dagokio Taldeari, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren industria inbertsioen %10,7 Korporazioak eginikoa da.

Egun, kooperatiba guztiek osatzen duten salmenten %8,1 dagokio Fagor Etxetresna Elektrikoen jarduerari.

Eredu Kooperatiboaren baliagarritasuna

Aipatutako datuek eredu Kooperatiboaren baliagarritasuna eta efikazia berretsi egiten dutela dio Mondragon Korporazioak, "lanpostu suntsiketa gogorra duen orokortutako krisi egoeraren testuinguruan".

Mondragon Taldearen indarra datuen bidez

Mondragonek egun 289 erakunde ditu, horietatik 110 kooperatibak dira eta 80.321 pertsonak egiten dute lan: %42 EAEn; %40 Espainian eta %17 nazioarteko merkatuan. Horietatik, 36.963 Industria arloan, 39.839 Banaketa arloan, 2.486 pertsona Finantzen arloan eta 1.033 Ezagutzaren arloan.

Taldeak 12.903 milioi euroko salmentekin itxi zuen 2012. ekitaldia, horietatik 4.004 milioi euro kanpoan egindakoei dagozkie, non 14.000 pertsonak diharduten lanean 105 ekoizpen zentrotan. Mondragonen inbertsioek  331 milioi euro gainditzen dutela dio Mondragon Korporazioaren oharrak.

Ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alde

Ikerkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua ere egiten duela dio Mondragonek. "Apustu horren adierazle dira Mondragon Taldearen hamabost teknologia-zentroak eta Korporazioan lanean diharduten 2.096 ikerlariak; 2012an I+G+b 160 milioi inbertitu zituen. Egun I+Gri buruzko  nazioarteko 91 proiektutan hartzen du eta 564 asmakuntza patente familia ditu bere jabetza pean".

Kooperatiba independenteak

"Autonomoak eta juridikoki independenteak" diren kooperatiba multzo honek, Mondragon Korporazioa osatzen dutenak, zenbait elkartasun mekanismo du komunean eta mekanismo horiek taldea osatzen duen kide bakoitza indartu egite dutela dio Mondragonek. "Elkartasun mekanismo horiek sorreratik funtzionatu dute eta baliagarriak izan dira kooperatiben nazioartekotze eta berrikuntza programak abiatzen laguntzeko, jarduera berriak garatzeko eta zailtasunak dituzten kooperatibei laguntzeko" dio.

Industria sektoreetan liderrak

Oharrak gogora ekartzen du oso dibertsifikatuta dauden industria sektoreetan "liderrak diren enpresak" dituela Mondragonek, hala nola, makina erremintan, jasokuntzan, kontsumo ondasunetan, industriarako osagaietan, autogintzan, aholkularitzan, edo eraikuntzan.

Fagorri dagokionez, "etxetresna elektrikoen sektorera bakarrik mugatzen ez den marka bat da, beste zenbait industria jardueratan punta-puntakoak diren kooperatiben merkatu ikurra ere baita, adibidez, automozio, osagai elektroniko edo ekipo ondasun sektoreetan" dio Mondragon Korporazioaren oharrak.

Prestakuntzarako "bokazioa"

"Agerikoa da prestakuntzarekiko duen bokazioa Mondragon Unibertsitatearen bitartez, enpresa kudeaketa eta berrikuntza esparruetan espezializatutako unibertsitatea, eta baita 1.000 pertsona baino diharduten bere hamabost zentro teknologikoak ere" dio.

Erronka estrategikoa: "ibilbide orria"

Azkenik gogora ekartzen du Mondragonek bere ibilbide orria prestatu duela 2013-2016 denboraldirako, eta erronka nagusitzat "enpresa sarea eraldatzea" duela, "negozio errentagarriak, iraunkorrak eta balio erantsidun enplegua sortzeko balio handiagoa duten sektore eta merkatuetarantz  prozesua bizkortuz".

Helburu horrek oinarritzat hartuko ditu etorkizunezko bost estrategia: jardueren dimentsionamendua merkatuetara egokituta lehiakorrak izateko, nazioartekotzea, berrikuntza etorkizuneko sektoreetan jarduera berriak sustatzeko; Taldeko enpresen arteko lankidetza irtenbide globalak eskaintzeko eta eredu kooperatiboaren aldeko postura.

Oharra amaitzen da berriro gogora ekartzen Korporazioak berretsi egiten duela eredu kooperatiboarengan duen "konfiantza osoa": Merkatu globalean bere enpresen lehiakortasuna berrindartzeko erronka eta bere pertsonenganako eta gizartearenganako konpromiso eta erantzukizun mezua helarazten du" amaitzen du Mondragon Korporazioaren oharrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak