Fagor Etxetresnak geratuta dago eta hartzekodunen borondatezko aurre-lehiaketan sartu da

Fagor Etxetresnak enpresa geratuta dago eta borondatezko hartzekodunen aurre-lehiaketan sartu da. Bere zorra birfinantzatzeko prozesuari ekin dio. Atzo goizean –eguaztena– aurreratu zuen albistea Goienak, eta Fagor Etxetresnek baieztatu egin zuten arratsaldean, prentsa ohar bidez. Fagor Etxetresnetan 2.127 lan-bazkide dira, Basauriko Edesa eta Bergarako Geyser ere kontuan izanda. Hiru informazio-bilera deitu dituzte gaurko –eguena–, Arrasateko Amaia Antzokian.

ELKARRIZKETA Adrian Zelaia: "Hartzekodunekin lortzen den akordioaren araberakoa izango da langileen etorkizuna"
ERREPORTAJEA Iragana gogoratuz: Fagorren sorrera
Fundatzaileen hitzak
Erreakzioak

     

Iturri horiek diotenez, "seguru asko" Etxetresnen arlo finantzarioa desagertu egingo da.

Mondragon Inbertsioetatik ez da 120 milioiko laguntza etorri, Fagor Etxetresnek lanean jarraitzeko behar zuten presazko ekarpena, alegia. Erabaki hori ez dute ondo hartu Etxetresnetako bazkide askok.

Eguenean hiru batzar ziren egitekoak; hirugarrena 17:00etan zen hastekoa Amaia Antzokian. Bertan, langileek zalantzak eta galderak egiteko aukera dute. Orain arte egin diren batzarrak eta gero, irteeran, langileek adierazpenak egin dizkiete komunikabideei, euren etsipena agertuz. Bizipen pertsonalak eta oroitzapenak ere konpartitu dituzte: hala, emakume batek gogoratu du nola aita Elgoibartik Maltzagara bizikletaz joaten zen egunero, eta handik Etxetresnetara autobusez.

Astelehenean dagoeneko ez dira lanera joango langileak; salbuespen bakarra dira aurre-lehiaketa prestatu beharko duen langile taldetxoa.

Zalantzan dago Haier multinazionalarekiko proiektuarekin aurrera egingo den ere.

Oraingoz, Arrasateko eta Euskal Herriko langileei irteera bat eskaintzea da Mondragon Korporazioaren helburua. Bertako iturriek esan dutenez, Fagor Etxetresnek plan industrial bat egin beharko dute, eta horretan zehaztu beharko dute kanpoko langileendako burubidea.

France 3 Pays Basque telebistako berriemaileen arabera, Brandt-eko bi lantegietako langileen artean kezka handia dago eta Arrasateko berriak gertutik jarraitzen dabiltza; baina, era berean, ulertzen dute lehentasuna etxeko langileek dutela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.