Ostegun Akustikoak, udazken iluntzeak musikaz janzteko

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 10a, 10:30

Ostegun Akustikoak lehiaketa antolatu du Aretxabaletako Udalak. Asmoa, parte hartzaileek azaroko eta abenduko eguenetan herriko tabernetan kontzertuak egitea eta ikus-entzuleen botoen bidez irabazlea hautatzea izango da. Urriaren 14tik 28ra bitartean eman ahal izango dute bakarlari zein taldeek izena.

Aurtengo maiatza eta ekaina bitartean Ostegun Bidaiariak lehiaketa egin zen Aretxabaletan. Izandako harrera onak bultzatuta, oraingoan eguenak musikaz jantzi gura ditu Aretxabaletako Udalak. Hori horrela, Gazteria sailetik Ostegun Akustikoak lehiaketa ipini dute martxan.

Kantu originalak zein bertsioak

Debagoienean musikarekiko dagoen tradizioa aprobetxatuta antolatu dute Ostegun Akustikoak, Maider Etxaniz gazteria teknikariak azaldu duenez. "Iruditzen zaigu eguenak egun aproposak direla musika entzuteko, eta talde zein bakarlariei zuzendutako lehiaketa da".

Urriaren 14tik 28ra bitartean interesa duten ibarreko musikari guztiek eman dezakete izena. Baldintza batzuk zehaztu dituzte antolatzaileek: parte-hartzaileen adina gehienez 40 urtekoa izan behar da, eta Debagoienean bizi edo jaiotakoak izan behar dute.

Gutxienez bi abestiz osatutako grabazioa aurkeztu behar da izena ematerakoan, eta baita talde edo bakarlariaren argazkiak ere. Ondoren, antolatzaileek aukeraketa bat egingo dute aurkeztutako guztien artetik. " Kantuak originalak izan daitezke, baina baita bertsioak ere.

Interpretazioaren kalitatea eta originaltasuna hartuko dira kontuan, eta jasotako proposamenetatik 4 hautatuko dira lehiaketan parte hartzeko". Parte hartu gura dutenek gazteria@aretxabaleta.net helbidera idatzi edo 943 08 1001 telefonora deitu beharko dute.

%50 baino gehiago euskaraz

Behin parte-hartzaileak zehaztuta, azaroaren 14an, 21ean, 28an eta abenduaren 5ean eskaini beharko dituzte kontzertuak, Aretxabaletako taberna ezberdinetan. Eta eman beharko duten kontzertuak 45 eta 60 minutu artean iraun beharko dutela ere zehaztu dute. Gainera, "emanaldiaren %50 baino gehiago" euskaraz eskaini beharko dela ere azaldu dute.

Bi sari

Bi sari egongo dira; irabazleak 200 euro eskuratuko ditu eta bigarren geratzen denak, ostera, 100 euro. Eta Ostegun Bidaiariak lehiaketan bezalaxe, Akustikoan ere publikoak izango du gustukoena bozkatzeko ardura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak