Kalera ateratzeko deia egin dute sindikatu nagusiek

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 3a, 10:54

Herrira-ren kontrako polizia operazioari erantzuteko bihar –egubakoitza–, 12:00etatik 12:30era, Euskal Herriko lantoki eta udaletxeen aurrean egingo diren protesta ekitaldietan parte hartzeko egin dute deia; Debagoienari dagokionez, Arrasate, Bergara eta Oñatiko plazetan deitu dituzte kontzentrazioak eta baita aukera duten lantokietan ere. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek egin dute elkarretaratzeetan parte hartzeko eskaera. Euren ordezkaritza batek egin du deialdia hedabideen aurrean, Herrira-ren elastikoak soinean dituztela eta "haren lana ontzat" ematen dutela esanez.

ELAko eta LABeko idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, "gaitzespen irmoa" erakutsi dute, protesta deitu duten sindikatu guztien izenean. "Herritarren eskubide zibilen aurkako eraso zuzen honen aurrean, norberarentzat eta gainerakoentzat sufrimendurik nahi ez duten horiei dei egiten diegu, demokratikoki, ostiraleko eta larunbateko deialdietara batu daitezen, indarrak metatuz gure herrian hasitako prozesu politikoa baldintzatzeko", adierazi dute.

Halaber, sindikatuek atxilotuak "berehala" aske uzteko eskatu dute, eta Herrira "gure herrian ondo ezaguna den elkarte zabal eta baketsua" dela eta "eskubide zibilen defentsan" lan egiten duela gehitu dute.

CCOOren babesa

Euskadiko CCOO sindikatuak zapatuko manifestazioan parte hartuko duela iragarri du, "Guardia Zibilaren azken operazioa normalizazioaren aurkako bidean" doala uste duelako: dozenaka eragilek deituta larunbatean Bilbon egingo den manifestaziorako deia egiteko manifestuaren puntu batzuekin ez du bat egiten CCOOk, eta azaldu du arrazoi horregatik ez duela deialdia bere egin; hala ere, CCOOko hainbat kide manifestazioan izango direla ziurtatu du, sindikatuak "espetxe politikan aldaketak" egin daitezela aldarrikatzen duelako, "normalizazioa, bakegintza eta elkarbizitzarako bidean aurrera egin dadin".

Kultura eta gizarte eragileena ere bai

Bihar "Euskal Herriko hiri eta herrietan euskal preso eta errefuxiatuen eskubideen alde egingo den olatuan" parte hartzeko deia egin dute kultura eta gizarte arloko hainbat agentek ere; Eleak taldeko bozeramaile Txerra Bolinagak eta Ines Osinaga musikariak (Gose) tartean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak