Jendetza atera da kalera Herrira-ren alde

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 1a, 22:40

Dozenaka herri eta hiritan mobilizazioak egin zituzten atzo, astelehena: Arrasate (argazkian), Bergara, Oñati eta Aretxabaletan tartean. Eloy Velasco epailearen aginduz, Guardia Zibilak Herrira euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren kontra burututako operazioaren aurka azaldu ziren. 18 lagun atxilotu zituzten operazio horretan, Ekain Zubizarreta arrasatearra tartean. Andoainen atxilotu zuten, 10:30ak aldera, eta Arrasateko ezker abertzaleak iluntzean konfirmatu zuen Madrilera eraman zutela, Tres Cantosera. Atxilotuak ez dituzte inkomunikatu.

Andoain du bizileku egun Ekain Zubizarretak, eta bertan egindako manifestazioan parte hartu zuten bere aita Xabier Zubizarretak –Arrasateko alkate ohia– eta neskalagun Ainara Rodrigezek –Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia. Beheko bideoan (Aiurri), irudiak:

Euskal Herriko gaurko egunkarietan izan du oihartzuna Herrira-ren kontrako operazioak, baina Espainiakoetan bi izan dira gaia papereko edizioaren azalera ekarri duten medioak. Hemen duzue egunkarien errepasoa.

Iritziak sarean:

Eneko Barberena: "Herrira kasua: ziurgabetasun juridikoaren adibide ona"

Pello Zubiria: "Zoru patetikoa, Lehendakari jauna"

Idurre Eskisabel: "Zaharrak"

Beheko bideoan, EiTBk utzitako Hernaniko atxiloketaren irudiak:

Arrasateko eta inguruetako hainbat herritar elkartu ziren Arrasaten, Seber Altube plazan, Ekain Zubizarreta eta gainerako Herrira-ko 17 kideren atxiloketa salatzeko. Manifestazioa hasi aurretik batzar informatiboa egin zuten, Arrasateko ezker abertzaleak deituta. "Giza eskubideen aldeko talde bat horrela kriminalizatu nahi izatea" "larria" dela adierazi zuten. Eta horrekin batera, nabarmendu zuten, ezker abertzalea "konponbidearen alde" ari dela lanean. Batzarraren ostean, manifestazioari ekin zioten Herrira aurrera, Ekain eta besteak askatu! lelopean.

Gertaeren biharamunean, Arrasateko presoen lagunek adierazi dute datozen orduetan beste mobilizazio batzuk egongo direla. Iban Garaik hitz egin du, euren izenean.

Andoainen atxilotu zuten Ekain Zubizarreta. Bertan bizi da egun Arrasatekoa eta, Aiurri herri aldizkariaren arabera, etxe azpian atxilotu eta Hernanira eraman zuten lehenik; iturri horrek dioenez, bizilagunak ez ziren atxiloketaz ohartu. Bada, Euskal Herriko beste hainbat hiri eta herritan moduan, Andoainen ere manifestazioa egin zuten atzo, eta bertan izan zen Xabier Zubizarreta, atxilotuaren aita eta Arrasateko alkate ohia. 

Ekain Zubizarretak 31 urte ditu. Anger Arrasateko musika taldeko baxu-jotzailea da –15 urte daramatza bertan jotzen–, Maritxu Kajoi komisiñuan lanean ibiltakoa eta Txatxilipurdiko administrari ohia.

Mobilizazioak Debagoienean

Bergaran batzar informatiboa eta giza katea egin zituzten, atzoko polizia operazioari erantzuteko. Osoko bilkurara joan ziren gero, eta Udal Gobernuak adierazpen bat irakurri zuen bertan. Elkartasuna adierazi zien atxilotuen senide eta lagunei eta herritarrei dei egin zien egon daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko. "Euskal Herri osoaren kontrako operazio bat" dela, "bakearen eta konponbidearen kontrakoa", azaldu zuten. 

Aretxabaletan ere osoko bilkura egin zuten atzo eta Herrira-ri babesa adierazteko idatzi bat irakurri zuen Ana Bolinaga alkateak. Ondoren, elkarretaratzea egin zuten plazan hainbat lagunek.

Oñatin ere hainbat lagun batu ziren Foruen plazan, iluntzeko zortzietan, Herrira-ri elkartasuna adierazi eta operazioa gaitzesteko.

Ertzaintzak kargatu zuen Hernaniko manifestazioan

Ertzaintzak Herriraren aldeko manifestarien kontra kargatu zuen atzo iluntzean Hernanin. Amalur Mendizabal Amaiurko senataria zauritu zuten. Ateak Ireki kolektiboak jaso duen kargaren bideoan ikusten da Mendizabali nola jotzen dioten. Hemen bideoa.

Atxiloketak, egoitzen itxierak eta kontuen blokeoak

Zubizarretarekin batera, beste 17 lagun atxilotu zituzten operazio berean, 18 guztira: hamar, Herrira Hernaniko egoitzan egiten ari zen batzarrean; eta gainerako zortzietatik bost Gipuzkoan, eta bana Araban, Bizkaian eta Nafarroan.

Eloy Velasco epailearen aginduz egin zuten operazioa. Egoitzak ixteko agindua eman zuen epaileak, eta bankuetako eta sare sozialetako kontuak blokeatzeko.

Agerraldi bat egin zuen Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, operazioaren berri emateko. Bere esanetan, Herrira-k "bere egin ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren helburuak, egitura, funtzioak, metodoak, finantzaketa erak, ikonografia eta sare komunikatiboa". Horrek "agerian" uzten du Herrira AAMren oinordekoa dela, Fernandez Diazen arabera. "ETAko kideen omenaldiak antolatzea" leporatzen die Guardia Zibilak atxilotuei.

Erreakzioak

Atzoko polizia operazioa Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Parot doktrinaren inguruan hartu behar duen erabakiarekin lotu du Herrira-k; "Espainiako Estatuak bake prozesuaren aurrean duen jarrera" erakusten du, bere esanetan; eta "bake prozesuaren alde egin duten lana kriminalizatu" nahi dutela salatu du. 

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eskandalu antidemokratikotzat jo ditu atxiloketak; eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Herriraren aurkako operazioa "albiste txarra" eta "euskal gizarteak ulertzen ez duen atzerapausoa" dela adierazi du.

Arrasateko Udal Gobernuaren esanetan, "mugimendu sozial baten jarduna kriminalizatzera bideratutako sarekada" da atzoko operazioa. Eta Andoaingo Udal Gobernuak dio "inoiz baino ulertezinagoak" direla euskal herritarren atxiloketak. 

Ekain Zubizarretaren EMUNeko lankideek ere kezka azaldu zuten bere eta gainerako atxilotuen egoeraren aurrean, eta berdin Txatxilipurdiko lankide ohi eta lagunek ere.

Erreakzio gehiago ere heldu zen atzo Goienako erredakziora: Lokarri, Ezker Anitza eta ESK. Eskubide eta askatasunen urratze larria dela zioen lehenak; ekintza horiek jada gaindituta behar luketela, bigarrenak; eta Herrira-ren kontrako operazioa "onartezina" dela, hirugarrenak. 

Debagoieneko Ernaik, bere aldetik, erokeriatzat jo du operazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak