Arrasatear fusilatuen berri eman diote NBEri

Julen Iriondo 2013ko ira. 29a, 18:08

Oroimen historikoaren alde diharduten hainbat taldek Nazio Batuen Erakundearen Eragindako Desagerketen gaineko Lantaldearekin egindako bileran izan dira Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak eta bi fusilaturen alabak. Lantaldeak Estatuari gertatutakoaren gaineko argibideak eman ditzala exijituko diolakoan baikor atera zen bailarako ordezkaritza Gasteizen egindako bileratik.

Madrildik eta Bartzelonatik pasa ostean –Sevillan ere egon dira–, Gasteizen izan ziren egubakoitzean Nazio Batuen Erakundeko Eragindako Desagerketen gaineko Lantaldeko kideak. Oroimen historikoaren alde lanean diharduten hainbat taldetako –Goldatu, Lau Haizetara Gogoan, Euskal Memoria, Egiari Zor...– ordezkaritzekin egin zuten bilera. Eta NBEren lantaldearekin bilera egin zuten 40 lagunen artean ziren Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak eta altxamendu faxistaren ondorioz fusilatutako Isidoro Iturbe eta Juan Bengoa arrasatearren alabak.

Bileran, 1936ko urria eta azaroa artean indarrez desagerrarazi zituzten Arrasateko 28 herritar zibilei gertatutakoaren gaineko azalpena egin zuen Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garaik; ondoren, Julene Iturbek eta Jaione Bengoak euren aiten atxiloketen eta fusilamenduaren gainekoak kontatu zituzten, eta adierazi zuten oraindik gaur ez dutela haien gorpuzkinen berririk.

Ordezkaritza debagoiendarrak jakitera eman duenez, Ariel Dulitzky legelari argentinarra buru zuen NBEko taldeak adi entzun zituen bi orduz esandako guztiak. Dulitzkyk, bere aldetik, azaldu zuen bere taldearen egitekoa dela partikularrek edo Estatuak eragindako askatasun-gabetzeak aztertzea, horien arduradunek gertatutakoa ikertu edo horren berri ematen ez duten kasuetan. Batzordearen jarduteko era da estatuei exigitzea desagerpenok argitzeko egiten ari diren lanaren gaineko informazioa – ezin dute gertatutakorik epaitu, ez zigorrik ezarri–. Gertatu zenaren berri zehaztasunez eta gorpuzkinen kokalekua familiei jakinarazi arte kasuok ez dituztela artxibatuko adierazi zuen Dulitzkyk. 

Hala ere, bileran ezagutzera eman zenez, badira irizpide desbederdinak lantaldeak aztertu beharreko garaiaren gainean. Berez, 1945etik aurrerako kasuekin egiten dute lan, urte horretan sortu zelako NBE eta, diotenez, ez dagokielako erakundearen sorreraren aurreko gertaerekin jardutea. Baina Dulitzkyk zioen bere eta lantaldeko beste kide batzuen iritzia dela "delitu jarraitu" baten aurrean gaudela eta, ondorioz, gerra hasieratik aurrerako garaia hartu beharko litzatekeela aintzat. Aitzitik, Estatuak ez du nahi, Dulitzkyren arabera, 1945etik atzera egitea.

NBEko lantaldea gaur –astelehena– da plazaratzekoa egindako bileretatik ateratako ondorioak, baina Debagoieneko ordezkaritza baikor da, Dulitzkyren hitzak entzunda: "Ez da iraganeko kontua, orainaldikoa baizik; delitua hor dago gertatutakoa argitzen ez den bitartean". Hala esan omen zien desagerketen lantaldeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak