Bergara Garbia, EAJ eta PSE-EE: "Egundoko kolpea eman die Bilduk bergararrei atez atekoa inposatuz"

Hitz horiekin laburtu dute hiru aldeek Udal Gobernu Taldeak Hondakinen Mahaia eteteko hartutako erabakia; Bergara Garbiak, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin eman dute prentsaurrekoa eguerdian, erantzun bateratua emateko. "Erabaki horrekin, Bilduk akordioa sinatzeko edozein aukera zapuztu du, eta negoziazio denbora hau bere lanak aurreratzeko bakarrik erabili du", adierazi dute.

EAJ eta PSE-EE alderdiek eta Bergara Garbia plataformak ere eman dute euren iritzia Hondakinen Mahaiaren etenaren harira. Hain zuzen, prentsaurreko bateratua egin dute, eguerdian.

Agerraldian azaldu zutenez, "azkenean, Bergarako Bilduk, aldebakarrez, Hondakinen Mahaia amaitu du eta harekin akordiora sinatzeko edozein aukera zapuztu du". 

Agerraldiko deitzaileen esanetan: "Ez dituzte aintzat hartu bosgarren edukiontziaren alde gaudenon argudioak; hau da, Bergara Garbiarena, EAJrena eta PSE-EErena. Eta guztia herritarrenganako itxura hobetzeko asmoz egindako saiakera izan da, erabakia hartuta zegoelako".     

"Erabaki politikoa da" 

Herrian dagoen "gizarte arazo bati buruzko erabaki politikoa" dela uste dute, "kontra azaldu diren herritarrenganako inposaketa delako". Eta azpimarratu dute: "Inposaketarik gabe eta ingurumen osasungarri baten aldeko gure konpromisoa babestuz, hemen gaudenon zilegitasuna berresten duten 4.691 sinadura bildu, leihoetan poltsak zintzilikatu eta bestelako mugimenduak egin dira". 

"Ez dute akordiorik nahi izan" 

Mahaiak iraun duen denbora "lanak aurreratzeko bakarrik" erabili dutela ere egotzi diote Gobernu Taldeari: "Hitz eman arren ez zuela atez atekoaren ezarketaren inguruan ezer egingo, negoziazio denbora euren lanak aurreratzeko erabili dute. Ez dute akordio batera irisi nahi izan eta existitzen ez den elkarrizketarako jarrera saldu nahi izan dute". 

Horren aurrean, "azkenik pentsatuta zutena egitea erabaki" dutela ere uste dute: "Hiru edukiontzi ezarri, beira, papera eta ontzi arinentzat, eta zintzilikarioak, organikoarendako eta gainerakoarendako". Baina eurek argi daukate Udal Gobernuak proposatzen duen sistema "garestiagoa, deserosoagoa, antiestetikoagoa eta osasunarentzat kaltegarria" dela "eta aurretik jakin ezin ditzakegun ondorioak" ekarriko dituztela. 

"Izaera demokratikorik ez" 

Hiru taldeen arabera, "horrek guztiak agerian lagatzen du udal gobernariek ez dutela izaera demokratikorik, badakitelako herritar gehienak planaren aurkakoak direla". Eta gehitu dute: "Askotan eskatu dugu Bildu gobernuan dagoen Zumaia zein Azpeitian lortutako akordioetara iristea, baina ez dute gure eskaera onartu nahi izan. Hori horrela, "herriaren iritzia berretsi nahi izanez gero, konponbide erraza" duela ere uste dute: "Herri kontsulta".

'#bergarakontsulta'

Jakitera eman dutenez, Twitter-erako traola-hitza ere sortu dute Bergarako galdeketa bultzatzeko: #bergarakontsulta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.