Jon Sarasua: "Ez ditut ideiak ezkutatu nahi izan lagunen arteko bakeagatik"

Euskalgintzaren gainean azkeneko urteotan egin dituen hausnarketak bildu ditu Jon Sarasuak (Aretxabaleta, 1966) bere azken liburuan. Hiztunpolisa, Euskaltasunaren norabideaz apunteak da izenburua eta Soraluzen aurkeztuko du zapatuan, Topa Egunaren barruan. Liburuaren gainean jardun dugu harekin Huhezin, Eskoriatzan, han dihardu-eta lanean.

Zergatik liburua eta zergatik orain?

Luzaroan jardun izan dut nolabait euskalgintzaren inguruan. Kulturgile moduan edo soziolinguistikaren alorrean ikuspegi batzuk lantzen joan naiz eta leku desberdinetan barreiatu zaizkit ikuspegi horiek: hemen hitzaldi bat, testu bat, han ikastaro bat… apur bat era desordenatuan, buruan beste gaiak eta beste gauzak egiten nituen bitartean. Euskaltasunaren edo gure izaera kulturalaren eta eginkizunen gainean pentsatzea izan da, edozelan ere, nire langaietako bat.

Eta liburuan batu dituzu pentsakizun edo hausnarketa horiek.

Bai, ze, han eta hemen ibili naizen arren, orain arte ez dut inoiz eduki hori guztia liburu batera ekartzeko patxadarik. Bi arrazoi nagusigatik: hamabi bat urtetan gai sozio-ekonomikoetan, auto-eraketaren ideiaren inguruan, zentratu nuelako gehiago lan jarduna. Hor ibili nintzelarik, astirik ez nuen izan. Bestetik, hizkuntzaren gaia, halere, ez dut sekula utzi eta azkeneko urteotan indar gehiagorekin heltzeko gogoz nengoen. Konturatu naiz hainbat ideia barreiatuta nituela eta duela lauzpabost urte erabaki nuen orain zela unea horri heltzeko, forma emateko eta idazteko.

Zer kontatzen duzu?

Liburuak 370 orrialde ditu eta oso zaila zait sintesi bat egitea. Gai ezberdinak jorratzen dira 18 kapitulutan eta, tartean, hitzaldietan esandakoak ere batu ditut liburuan.

Baina gauza berririk ere aurkituko dugu, orain arte jendaurrean esan bakoak?

Bai, badira kontzeptu, gai eta ikuspegi berriak. Hasieran uste nuena baino gehiago. Gauza arriskatuak ere bai tartean. Debaterako material arriskatu samarra bildu nahi izan dut gai batzuetan.

Erakunde publiko eta erakunde sozialen arteko funtzio banaketa

Material arriskatuaz diharduzunean zer esan nahi duzu?

Begia jarri dut hizkuntza komunitatearen erdiko geruzan, zelanbait esatearren, geruza antolatuarenean. Euskalgileei begira idatzi dut. Hainbat puntu delikatu dago: erakunde publiko eta erakunde sozialen arteko funtzio banaketa; edo alderdi politikoen helburuen eta hiztun komunitatearen taupaden arteko dialektika… Gero liburua nahiko behera jaisten da eta berba egiten dut hedabideez, kulturgileez, nazioartekotasunaz, unibertsitateaz, hezkuntzaz… eta espero izatekoa da batzuei ez gustatzea planteatzen diren gauza batzuk. Baina uste dut idaztea zerbitzu hori eskaintzea dela, debaterako.

Aurreiritzi, egiteko modu edo ohitura batzuk zalantzan jarri nahi izan dituzu?

Beno, hori esatea handinahi samarra izango litzateke. Ez dut ezer auzitan jartzeko helburu jakin bategatik egin. Doinu nagusia eraikitzailea da, eta eraikuntza horren zuhaitzak adar pila bat ditu. Nire barne bulkada nagusia izan da disko gogorra hustea. Burua apur bat libratzeko, beste gai batzuetarako ere. Ideia hauekin okupatua izan dut disko gogorraren parte bat eta hori atera, hustu, nahi izan dut. Irten duen horretan badaude zati astintzaile batzuk, badaude zati sakonagoak, baita energiak pizteko eta biltzeko doinua duten zatiak ere... Nagusiki, norabiderako egindako marrazkiak dira.

"Ez ditut ideiak ezkutatu nahi izan lagunen arteko bakeagatik"

Norbait minduta senti daiteke?

Gerta liteke. Halere, ez dira testu gordinak edo probokatzeko helburuarekin egindakoak. Era berean, ez ditut ideiak ezkutatu nahi izan lagunen arteko bakeagatik (mundu honetan ia denok baikara lagun edo ezagunak). Badauka boltajea. Eragile batzuk deseroso senti daitezke esandakoekin. Liburuak bi parte ditu: batetik, lehen bederatzi kapituluetan, zati inorganikoa deitu diodan horretan, euskaltasunaren geroa pentsatzeko oinarri batzuk jorratzen dira. Bigarren atalean, beste bederatzi kapituluetan, alde organikoan, antolatzeko edo antolakundeetarako ideiak aletzen dira: gizarte eragileak, hedabideak, kulturgintzakoak, erakundeak… organizatzeko ideiak. Zer egin? galderari begira dago gehiena.

Zer egin beharko genukeen?

Estrategia da helburu-kateak antolatzeko gaitasuna. Baina aurretik bisio edo norabide maila lantzea eskatzen du. Nora goaz? Uste dut gauza askotan etorkizun-ikuspegi mailako lausoaldi batean gaudela. Hori lausotzen denean estrategiak ahuldu egiten dira, nahiz eta plan estrategikoak egin. Gizartean alor asko, eta euskalgintza ere bai, estrategia mailako ahulaldi batean dago.

Euskaltasunaren norabideaz apunteak titulatu duzu liburua. Zergatik apunteak?

Ehunka testu zatirekin osatua da liburua, zati nahiko laburrak. Gauza asko dago liburuan, gai asko, gehiegi beharbada. Espero nuena baino gehiago. Gauzak apuntatzeko tonuan egin nahi izan dut, erraz irakurtzeko moduan. Eztabaida sortzeko helburuarekin, eta ez jakintzaren talaiatik egindako zerbait balitz moduan. Horregatik deitu diet apunteak.

Aldez aurretik jakin-mina sortu du liburuak. Heldu zaizu horren berririk?

Egia esan, bai. Eta horrek sortzen dit erantzukizun edo ardura puntu bat, nigandik espero denaren langa goregi ez ote den jarri. Interesa ikusten dut, bai. Hamar bat urtean egon naiz hitzaldietan ibili gabe, baina azken hiruzpalau urtetik hona hitzaldietan ibiltzen hasi naizenetik, hainbat herri pasatzea tokatu zait, eta sumatu dut badela jakin-mina, ezinegona eta gogoetarako gosea. Beharbada jendeak sumatu du norabide arazoak daudela, eta ideien bila dabil. Hori jende askoren lana da, nirea da ekarpen bat egitea, angelu partzial batzuetatik, eta alor batzuetan izandako praktikatik.

Ilunaldi estrategikoa diozu. Ikuspegi ezkorra daukazu euskalgintzaren gainean?

Ez eta bai, baina aldarte eraikitzailean eginda dago. Proposamen eta proiekzio dezente dago eta hori ezin da ezkortasun mota batetik egin. Era berean, testua bada kritikoa edo kezkatua. Bost hamarraldi egin ditugu, 50 urte, euskalgintza modernoaren aroan. Horri daukan balioa eman behar zaio. Egin dena izugarria da, eta aitortzea sen onekoa da. Ikuspegi unibertsal batetik begiratuta, munduko beste hizkuntza gehienetatik, euskal hiztun komunitateak egin duena oso kontuan hartzekoa da. Baina ez dezagun egin mediku-diagnostiko okerra. Dagokigun osasun-diagnostikoa serioa da, arduratzekoa.

Zergatik?

Belaunaldi berrien joeretan eta mundutik datorkigun input uholdean euskarak ze igeri mota egingo duen ikusteko dago. Berrasmatu beharra dago gauza asko, eta mendeak galdera asko dakar. Hori sentitu daiteke modu dramatikoan edo tonu jolastiagoan.

Baliabide ekonomiko falta edo erakunde publikoen inplikazio urria da arazoa?

Ez naiz ausartzen erantzun sinplista ematen. Erakundeengan jartzen badugu ardura guztia ematen du saihesten ari garela ardura pertsonengan, herritarrengan, taldeengan jartzea; edo alderantziz. Zuhaitz konplexua da. Liburu honetan konplexutasun horren adar desberdin batzuk aipatzen dira, baina batzuetan zentratzen naiz gehiago.

Euskarak taupada eta sormena lortzen dituen guneak

Hizkuntzen hegemoniaz ere badiharduzu. Zer esan nahi duzu?

Labur esanda, dentsitate guneak ere behar dituela hizkuntzak. Hegemonia kontzeptuaren inguruan hiru begiratu egiten ditut, elkarren osagarriak. Horietako batean azpimarratzen da euskararen dentsitate guneak indartzeko beharra. Eta ez naiz ari dentsitate geografikoez bakarrik: hedabide bat, eskola bat, fakultate bat, kulturgintza sare bat... euskarak taupada eta sormena lortzen dituen guneak.

Politikoetan edo erakundeetan baino gehiago jendarte auto-eratuak indartzean jartzen duzu begia…

Politika eta polistika hitzen arteko joko bat egiten dut. Berez, politika da polisa, hau da, herria bere osotasunean pentsatzea: herrigintza. Baina politika hitza erabiltzen da izendatzeko alderdi politikoen jokoa estatuko boterea lortzeko eta administratzeko. Tranpatxo bat eginez, jolas bat, orrialde batzuetarako polistika hitza erabiltzen dut liburuan, herrigintza zabalagoa izendatzeko, eta beste joko politiko horrekin dialektikan jartzeko. Hizkuntzaren gaia, jakina, erabat polistikoa da, eta politikoa ere bai. Despolitizazioa ez, berpolitizazioa behar dugu, oinarri desberdinetan. Oso kontuz ibili behar dugu alderdi ikuspegi konkretu baten aldera identifikatzearekin euskararen aldarria. Hori izango litzateke datorren zikloan egin genezakeen akatsik handienetakoa. Euskalgintzaren taupada autonomoa bere lekuan jarri behar dugu, aro berri honetan. Aurreko hamarraldietan egin duguna baino hobeto. Eta arlo batzuetan horretan ez gabiltza oso fin, gauzak eta ideiak nahasita dabiltza, inertzia asko dago.

Non ez gabiltza ari fin?

Zabalak eta independenteak garela esaten dugu erakunde sozial guztiek, baina badira gauzak hor astintzeko. Alderdi politikoek beren funtzioak dituzte, beharrezkoak dira. Eta beren funtzionamenduaren parte bat demagogia egitea da, indarra pilatzeko eta botoak irabazteko. Beste urte asko pasako dugu sokatira horretan, ziklo berri honetan. Ondo, baina beste plano batean taupada zibil autonomoan oinarritutako euskalgintzak egon behar du. Funtzio berebizikoa dauka betetzeko euskalgintza autonomoak, eta benetan izan behar du beregaina, iruzurrik gabe.

Sinesgarriak izatea?

Bai, sinesgarritasun zeharkakoa. Beharrezkoa da euskalgintzaren gidaritzak alderdi politikoen aurrean sinesgarritasun zeharkatzailea irabaztea. Eta mezu propioa ekoitzi. Sinesgarritasun hori izan dezaketenek egon behar dute euskalgintzaren erdigune sinbolikoan. Hori egiteko gauza bada, beharbada herri honetako energiaren zati on bat berenganatu dezake euskal komunitatearen geruza antolatuak. Bestela ere gerta daiteke, azken 30 urteotako akatsen bueltan ibil gaitezke berriro, nahiz eta beste aldaera batekin.

Zein izan behar da fase berri honetan administrazioaren edo alderdi politikoen zeregina?

Handia, botere-egiturarik erabakigarrienetakoak dira. Halere, kultura politiko zabalagoa behar dugu ikusteko gizartea erakunde askotarikoz osatua dagoela: erakunde publikoak, irabazi asmodun erakundeak eta gizarte antolatutik sortutako erakunde edo talde sozialak. Bakoitzak beste esparrua du. Eta euskaldunon komunitatea ezin daiteke ulertu azken esparru hori barik, hor daude euskarari eusten dioten sare asko. Une honetan, esparru bakoitzean zer egitea tokatzen den ikusi behar da.

Belaunaldi bati edo kolektibo jakin bati doitutako helburuak

Helburuak garrantzizkoak dira, baina egingarriak, beti ere?

Hiztun komunitate moduan, ametsa ekoiztu egin behar dugu berriro ere, eta hor kokatu gure helburu-kateak. Horretarako unean gaude. Uste dut badaudela indarrak, zumitzak, hori egiteko. Ametsekin eta irudikapen lodiekin arazoak izan dituen belaunalditik gatoz. Ametsetik errealitatera doan zubi gehiegi erori da. Hori arriskutsua da, mezu kaxkarra uzten du. Sineskortasunetik frustraziora pendulua biraka hasten da. Ortzimugak marraztu egin behar dira, bestela ez dagoelako estrategiak ondo kokatzerik, baina, era berean, ortzimuga horiek behar dute izan lausoak eta sinesgarriak. Eta horren gainean, arlo bakoitzean belaunaldi bati edo kolektibo jakin bati doitutako helburuak marraztu.

Belaunaldi berriek euskararekiko duten jarreraren gainean kezkati zara?

Kezka ez da berba egokia. Ikusi eta ikasi egin nahiko nuke hortik. Egoera horiek ulertzeko hurbiltze ahalegina egin. Gauzei lotzeko modua ezberdina dela dirudi belaunaldi berrietan. Gure belaunaldietan edo aurrekoetan, atxikimendua sendoagoa zen eta, orain, aukeren zappingaren kulturan bizi gara, hizkuntzan ere badu isla. Euskararekiko motibazioak jarraitzen du hor egoten, motibazio horiek atzemateko ahaleginak egin behar, bulkadak ateratzeko ur putzuak zeintzuk diren ikusten joateko.

Ze espero duzu liburuarekin?

Ez dakit, egia esan. Mugimendua sumatzen dut, debaterako gogoa. Baliteke burukomin batzuk sortzea. Edozelan ere, gai honi buruz disko gogorra hustu dut eta gustura nago. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.