Enpresa proiektu berriak euskaratik eta euskaraz sortzeko jardunaldia egingo dute urriaren 31n

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko ira. 19a, 17:19

Urriaren 31n Enpresarean 2013 jardunaldia egingo dute, Bai Euskarari Ziurtagiriak antolatuta, Garaia Berrikuntza gunean. Euskaraz lan egiten duten enpresei eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenei zuzendutako jardunaldia izango da, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz. Hitzordu azkarren bidez edo Fast daiting bidez egingo dituzte saioak. Izena emateko epea urriaren 3ra arte dago zabalik.

Jardunaldien aurkezpena Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak egin dute Garaia Berrikuntza gunean. Gutierrezek azaldu du Enpresarean 2013 jardunaldiaren helburua: "Euskaraz lan egin nahi duten edo zerbitzua euskaraz eskaini nahi dutenei elkarlanerako gune bat eskaini nahi zaie". Modu horretan, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, proiektu enpresarial berriak sortzeko. Horrek guztiak euskararen prestigio soziala areagotuko du, eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko duela gaineratu du.

'Fast daiting': 10 minutuko batzarrak

10 minutuko batzarrak izango dituzte enpresek –Fast daiting izeneko saioak. Enpresarean 2013 jardunaldian parte hartzeko epea urriaren 3ra arte dago zabalik. Behin izena emanda, zerrenda-katalogoa bidaliko zaie enpresei, bakoitzak norekin elkartu nahi duen erabakitzeko. Enpresa bakoitzak bilera norekin egin nahi duen urriaren 17rako erabaki beharko du. Sistema informatiko bidez Fast daiting saioen egitaraua urriaren 24an bidaliko zaie enpresei.

Egitaraua

Urriaren 31ko egitaraua:

  • 9:15: Harrera
  • 9:30-10:00: Sarrera instituzionala
  • 10:00-11:00: Maria Jose Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kidearen hitzaldia.
  • 11:00-12:00: Lehenengo Fast daiting saioa
  • 12:00-12:30: Atsedena
  • 12:30- 14:00: Bigarren Fast daiting saioa
  • 14:30: Bazkaria

2010ean sortutako proiektua

Enpresarean 2010ean sortutako proiektua da. Euskalit-en astearen barruan sortu zen, eta 2012an jauzi kualitatiboa egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu zutenean.

2012ko urriaren 2an euskaraz lan egiten duten eta produktu zein zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresen arteko lehen azoka egin zuten Kursaalean. 100 bat enpresetako 200 ordezkari elkartu ziren, eta streaming bidez 1.500 lagunek jarraitu zuten jardunaldia. Horregatik, proiektuarekin aurrera jarraitu eta sarean indarra ematea erabaki zuten, enpresarean.org sortuz. Indar handia hartu duen plataforma da: gaur egun, 180 enpresa eta 200 profesional daude bertan.

Dei berezia bailarako enpresei

Enpresarean 2013ko antolatzaileek dei berezia egin nahi izan diete bailarako enpresei, eta jardunaldian parte hartzeko gonbita luzatu die. Bestalde, Foru Aldundiaren eta Arrasate Udalaren babesa eskertu nahi izan dute, eta baita Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren eta Laboral Kutxaren babesa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak