Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera Mondragon Unibertsitatearen ikasturte akademiko berriari

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 18a, 18:35

Eguerdian Huhezi fakultatean egindako ekitaldiarekin eman diote hasiera ofiziala Mondragon Unibertsitatearen 2013-2014 ikasturteari. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, Iosu Zabala MUko errektoreak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ere hartu dute parte besteak beste.

Hezkuntza munduko eta erakundeetako ordezkari ugari elkartu dira gaur eguerdian Eskoriatzako Huhezi fakultatean egin duten Mondragon Unibertsitatearen ikasturte akademiko berriaren irekiera ekitaldian. Hala, Iñigo Urkullu lehendakariaz, Iosu zabala MUko errektoreaz eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaz gain, bertan izan dira EHUko eta Deustoko Unibertsitateko errektoreak; Mondragon Unibertsitateko errektore ohi Inazio Oliveri eta Javier Retegi; Arrasate eta Eskoriatzako alkateak; Batzar Nagusietako mahaiko presidente Lohitzune Txarola eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko mahaiburua.

Idoia Peñakoba MUko idazkari nagusiak hasi du ekitaldia, eta  aurreko ikasturteko datuen eta ekintzen errepasoa egin du. Hala, iaz 15 izan ziren MUn eman ziren gradu mailako ikasketak, eta denera 4.011 ikasle izan zituen unibertsitateak. Marian Bilbatua Huhezi fakultateko irakasleak hartu du ondoren hitza, eta Hezkuntza kalitatea eta hezkuntza erronkak izenburuko hasgai akademikoa eskaini du.

Ikerkuntza eta transferentziak

Iosu zabala MUko errektoreak bere aldetik, MUn izandako azken gertaeren berri eman du, hala nola Aretxabaletako fakultatearen irekiera, Oronarekin lankidetza eta irailean BIlbon martxan jarriko duten Bilbao Berrikuntza Faktoria.  Unibertsitateak euskal gizartean duen eginkizun berritzailea eta eraldatzailea azpimarratu ditu, eta gaineratu du ikerkuntzari eta transferentziari lotutako proiektuek MUren sarreren %50 ekartzen dutela.

"Mondragon Unibertsitatearekin, etorkizuneko ibilibide oparoa"

Iñigo Urkullu lehendakariak bestalde, adierazi du poz handiz ikusi dituela azken hamar urteotan MUk izan dituen bilakaera eta garapena. Esan du baita ere ikasturte berriak formazioa, garapena eta ezagutza uztartzen dituzten proiektuak ekarriko dituela,  eta ziur dagoela Mondragon Unibertsitatearekin etorkizuneko ibilbide oparoa egingo dutela norabide horretan.  Lehendakariak, era berean, lehen lanpostuaren bila dabiltzan 20.000 gazteri laguntzeko Jaurlaritzak duen programa ere azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak