Oporretan etxeko landareak ondo zainduta uzteko gomendioak

Ubane Madera 2013ko uzt. 29a, 15:42

Udan oporretara joaten garenean izaten ditugun buruhausteen artean, etxeko landareekin zer egin da horietako bat. Gehienok egiten duguna da eguzkiak gogor jo dezakeen lekutik kendu, etxe barrura sartu, eta senide edo atarikoren bati eskatu tarteka urezta ditzan. Hala ere, adituen aholkuen bitartez, eta inori lanik eman barik, posible da landareak behar den moduan zaindu eta oporretatik bueltan utzitako moduan aurkitzea. Irene Zenitagoiak, Bergarako Gorosti dendako ugazabak eman dizkigu beharrezko azalpenak.

Zenitagoiak azpimarratutakoaren arabera, landara bakoitzak ezaugarri jakinak ditu. Eta horien arabera, ur gehiago edo gutxiago behar izaten du bizirauteko. Hala, kontuan hartu beharreko ezaugarrietako bat da landarearen tamaina. Logikak agintzen duen moduan, zenbat eta tamaina handiagoa izan, landareak orduan eta ur gehiago beharko du.

Eta landareari edaten emateko, hiru sistema gomendatzen dituzte adituek.

Ureztagailuarekin, ondo neurtu

Ohiko ureztagailua da horietako bat. Kasu horretan, landare bakoitzak behar duen ur kopurua kontuan hartu, gehienetan ontzira bertara bota, bertatik xurga dezan, eta kito, ez da besterik egin behar izaten nahiz eta norbera abuztu osoan etxetik kanpo ibili.

Irene Zenitagoiak azpimarratu gura izan du gainera, hobe dela oporretatik bueltan landarea siku samar aurkitzea, heze-heze aurkitzea baino. Azken kasu horretan, landareak berreskuratu-ezinak izaten direla adierazi du Gorosti dendako ugazabak.

Tanten sistema

Landareak ureztatzeko beste sistema bat ortuetan-eta erabiltzen dena da: tanten bitartekoa. Zenitagoiak argazkian erakusten duen moduan, lora dendatan dagoeneko badituzte sistema horiek etxeko beharretara egokituta. Beraz, landarearen lurrean sartu eta ontzi bat urez bete; ez da besterik egin behar landareak ureztatuta egongo direla ziurtatzeko.

Hori bai, kontuan hartu behar dugu komenigarria dela urez betetako ontzia landarea bera baino altuago ipintzea. Modu horretan hobeto hartu ahal izango du behar duen ura.

Gelatina

Azkenik, gaur egun bada landareak ureztatzeko sistema modernoago bat, edo ezezagunagoa bai, behintzat: gelatina poteak. Urak baino dentsitate handiagoa izaki, gelatina landarearen lurraren gainean geratzen da, eta landarea bera joaten da behar duen likidoa xurgatzen, beharren arabera. Kasu horretan, ureztagailuarekin moduan, landarearen tamainuaren arabera erabili beharko da gelatina kantitatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak