Turismoa eta herriko merkataritza uztartu nahi ditu Bergarako Udalak

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko uzt. 23a, 18:19

Gure ondare naturala eta monumentala erakusteaz eta zaintzeaz gain, turismoak herrian etekin ekonomikoa sortu beharko lukeela uste du Udalak. Bide horretan, Labegaraietan egokitu zuen autokarabanendako zerbitzuguneko erabiltzaileendako bono berezia sortu nahi dute, herriko jatetxe zein dendetan, eskaintza bereziak lortzeko. Herriko merkatari guztiei dei egiten diete ekimenean parte hartzeko.

Iazko azaroan Labegaraietan autokarabanendako eta furgoneta egokituentzako zerbitzugune bat atontzeari ekin zion Udalak. Turismo ibiltaria Bergarara gerturatzeko zuen helburu ekimen horrek. Udalaren asmoa, baina, ez da soilik zerbitzu bat ematea turista mota horri; turismoa eta herriko merkataritza uztartzea nahi ditu Udalak. Hau da, gure ondare naturala eta monumentala erakusteaz eta zaintzeaz gain, turismoak etekin ekonomikoa sortu beharko lukeela uste du Udalak.

Bonoak eskaintza bereziak lortzeko

Horretarako, autorakabanentzako zerbitzugunearen erabiltzaileen eta herriko komertzio eta tabernen artean loturak egitearren, Udalak bono berezi bat sortu nahi du. Europako hainbat tokitan martxan dagoen formula da. Autokarabanentzako gunea erabiltzea doakoa da, baina erabiltzaileek erabilera mugatua duen bono bat erosteko aukera izango dute. Bonoak balioko du herriko kirol zein kultura azpiegituretan eta herriko jatetxeetan zein dendetan eskaintza bereziak lortzeko.

Bonoarekin batera ekimenean parte hartzen dutenen katalogoa ere argitaratzen da. Horrela, bonoa hartzen duenak eskaintza non egiten den eta nolakoa den jakiten du.

Parte hartzeko dei egiten dute

Ideia mahai gainean dago eta Bergarako edozein ostatu, taberna, denda eta abarrek har dezake parte. Horretarako nahikoa da bere eskaintza jakinaraztea Udalean: 943 77 91 24 eta 943 77 91 83 zenbakietan zein turismoa@bergara.net webgunean. Era berean, eskaintza osatzeko aholkua ere eska daiteke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak