MUk lagunduta, Jaurlaritzak legeria egokitu du ikasleek kooperatibak sortzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko uzt. 5a, 15:09

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Josu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak gaur aurkeztu dute "euskal kooperatiben historian mugarri izango den ekimena", Oñatiko Enpresagintza fakultatean egindako ekitaldian. Mikel Biain Oñatiko alkatea ere hantxe izan da.

EAEko ikasleei Junior Kooperatibak izeneko lan-kooperatibak sortzeko aukera emango dien legeria-egokitzapena aurkeztu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, Josu Zabala Mondragon Unibertsitateko Errektorearekin batera, goizean, Oñatin. Euskal legerian egindako egokitzapen hori dagoeneko onartuta dago. Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien fakultateak eta bertako MIK ikerketa-zentroak azterlana egin eta proposamena luzatu zioten Eusko Jaurlaritzari, ikasketa-garaian ikasleei kooperatibak sortzeko eta euren ezagutzak gauzatzeko aukera emango dien bidea bultzatzeko asmoarekin. Eredua duela hainbat urte jarri zuten abian Finlandian, eta horri esker, bertako ikasleek kooperatiba sortzeko eta benetan ekiteko aukera dute. Bada, "bide horrek errazago egingo du EAEn ekintzaile izatea, eta era berean, ikasleen arlo horretako prestakuntza hobetuko du, zalantza barik", aurkezpenean azaldu dutenez.
 

MIK ikerketa-zentroaren azterlana

Esan bezala, Mondragon Unibertsitatearen MIK ikerketa-zentroaren azterlana izan da proposamenaren abiapuntua. Finlandiako Team Learning Cooperatives izeneko ikasleen kooperatibak aztertzen ditu lan horrek, eredua eta horren formulazio juridikoa euskal kooperatiben legeriara ekartzeko helburuarekin. Horrela sortutako enpresak junior hitza izango du izenean eta benetakoa izango da ondorio guztietarako. Horretarako, nahikoa izango da kooperatiben erregistroari jakinaraztea. Ikasketak burutzean lan-kooperatiba arrunt bihurtuko dira.

Helburua, ikasleei lanpostua eskaintzea

Kooperatibon xedea bazkideei (ikasleei) lanpostua eskaintzea da, besteentzako ondasunak eta zerbitzuak ekoiztearen bidez. Bazkideak pertsona fisikoak izango dira eta lanaldi osoan edo partzialean lan egiteko aukera izango dute. Modu horretan, ikasleak bazkide erabiltzaile izango dira proiektua lantzen ari diren bitartean eta bazkide laguntzaile, berriz, inongo proiekturik garatzen ari ez direnean.

'Junior kooperatibak' izendatu dituzte

Kooperatiba mota berriari Junior Kooperatiba esango zaio, bazkideak gazteak izango direlakoan, eta ekiten ikastea izango da bere azken helburua. Kideek kooperatiba bat kudeatzen ikasteko bidean tresna praktikoa eta benetakoa izatea du xede. Helburu sozial garbia izango du kooperatiba-elkarteak: bazkide erabiltzaileek ikasle gisa bereganatzen dituzten gaitasunak eta ezagutzak benetan erabiltzeko aukera izatea.

Orain arte, kooperatiba-elkarteen Euskadiko araudian ez da espresuki aurreikusi horrelako kooperatiben eraketa, ikasleek euren ezagutzak lanean erabiltzeko xedea dutenena, alegia. Ikasteko modu berritzaile hori aspaldi sortu zen Finlandiako Jyväskylä Unibertsitatean, eta arrakastatsua izaten ari da munduko hainbat herrialdetan. Eredua eta metodoa erabat berritzaileak dira. Ikasleak eurak dira ekintzailearen gaitasunak barneratzeko eta lantzeko prozesuaren benetako protagonistak, Learning by doing / Eginez ikastea delakoan oinarritutako irakaskuntza-metodologiaren arabera. Ikasleek jasotzen duten prestakuntza benetako praktikaren bidez lantzen da hein handi batean, eurek diseinatutako proiektuak sortu eta abian jartzen baitituzte.

Kooperatiben benetako funtzionamendua eta kudeaketa ikasteko hezkuntza-tresna baliagarria izango dugu aurrerantzean. Gainera, eredua Euskadin abian jartzeak abantaila garrantzitsuak ekarriko dizkio inguruko enpresa-ehunari, izan ere, oso litekeena da ikasle-garaian kooperatiba berria sortu dutenek enpresa eratuz jarraitzea euren ibilbide profesionala, eta enpresa hori kooperatiba elkartea izan liteke. Momentuz, Mondragon Unibertsitateak 8 junior kooperatiba jarriko ditu abian uztailaren 31a baino lehen.

LEINN eta Team Learning cooperatives

2009tik, Mondragon Unibertsitatean abian da Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua (LEINN), mota horretako bakarra Estatuan. Ikasketok sortzeko erreferentzia izan zen Finlandiako Jyväskylä Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko Ekintzailetza eta Lidergorako unitate berezia den Team Academyren Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua; horren oinarri dira talde-lana, benetako proiektuak lantzea, autokudeaketa, benetako enpresak sortzea eta irakurketa bibliografikoa. Team Academyn erabiltzen duten irakaskuntza-metodoaren ardatza Eginez ikastea da.

Enpresak eta euren burua kudeatuko duten taldeak sortzeko prozesuan modu eraginkorrean lider izango diren profesional gaituak trebatzea da helburua. Metodo horri esker, ikasleek pertsona ekintzailearen oinarrizko gaitasunak barneratzen eta lantzen dituzte benetako praktikaren bidez, hau da, hainbat proiektu garatuz. Ikasleek eurek diseinatzen eta merkaturatzen dituzte proiektuok, eta horretarako enpresa sortzen dute. Enpresoi “Team Learning Cooperatives” esaten zaie, eta horien forma juridikoa kooperatiba-elkartea da, izenak berak adierazten duenez. Taldean modu bidezkoan, berdintasunezkoan eta demokratikoan lan egiteko gaitasuna garatzeko tresna praktikoa bilakatzen dira enpresok.  Ikasketak hastean, 15 eta 20 ikasle bitarteko taldeek osatzen dituzte kooperatibok, eta benetako proiektuak lantzen dituzte jasotako ezagutza teorikoak lanean erabiltzeko asmoarekin.

Mondragon Unibertsitateak bere Gradu berrira ekarri zuen Learning by Doing metodoa, eta horren arabera, LEINN graduko ikasleek kooperatiba sortu beharko lukete, “Team Learning Cooperatives” direlakoen ereduari jarraituz. Baina orain arte oztopo garrantzitsua izan dute horretarako: Euskadiko Kooperatiben Legeak (euren kooperatibei aplikatu beharrekoak) ez zuen aurreikusten “Team Learning Cooperatives” direlakoen ezaugarriak zituen figurarik. Ondorioz, funtsezko ikaskuntza-tresna falta zitzaien, euren ezagutza teorikoak benetan erabiltzeko aukera emango ziena.

Hemendik aurrera, oztopoa gaindituta, Euskadiko ikasleek benetako mekanismoa izango dute eskura euren lan-kooperatiba sortzeko. Irekita dago junior kooperatibak sortzeko bidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak