Gorka Alartzia: "Esklerosiaren alde erabiliko dugu torneoan batuko dugun dirua"

Xabier Urtzelai 2013ko uzt. 5a, 08:00

Datorren asteburuan egingo dute Aretxabaletan lehenengoz hirunako saskibaloi torneoa; Gorka Alartzia dabil antolatzaile lanetan: "Natra Oñatiko jokalari Asier de la Iglesia laguna dut [De la Iglesiari esklerosi anizkoitza duela adierazi zioten iazko irailean, eta ordutik Gipuzkoako ADEMGI elkarteaz kolaboratzen dabil] eta elkartearen alde dirua batzeko txartel batzuk saltzen lagunduko nion galdetu zidan". Alartziak, baina, proposamen hobea egin zion: "Aretxabaletan hirunako torneo bat antolatzen laguntzeko eskatu nion, eta batutako dirua ADEMGIrendako izango zela. Eta, buru-belarri hasi ginen". 

Torneo hori bultzatzeko Porrotx pailazoaren kolaborazioa izan dute, promo txiki bat grabatuta –laster egongo da goiena.net-en ikusgai– eta noski, De la Iglesiak eta Alartziak berak kontaktu mordoa dituztenez, Euskal Herriko talde asko etorriko direla uste du; saskibaloiaz gainera, baina, beste ekimen mordoa antolatuko dituzte: "Gipuzkoa Basketekoen laguntza izango dugu, eta Baskoniako Aker ere etorriko da Aretxabaletara. Egubakoitzetik domekara kanastak egongo dira plazan, eta gainera, umeendako puzgarriak izango dira, jokoak egingo ditugu, DJ-ak, eta besteak beste, zapatuan David Doblas jokalariaren bisita ere izango dugu". 

Eta Aretxabaletakoak?

"Kanpoko taldeak bai, baina nik Aretxabaletako koadrilak ikusi nahi ditut torneoan parte hartzen, eta badirudi jendea animatzen dabilela". Hala, torneoan ez da saririk banatuko dirutan, baina izenemateko dirua esklerosiaren alde borroka egiteko erabiliko dela jakitea oso motibagarria da jendearendako. "Gainera, La Caixaren babesa dugu, eta izenemate bakoitzeko (5 euro) La Caixak beste horrenbeste jarriko du". 

Egubakoitzean, hilak 12, alebin, benjamin eta infantilek jokatuko dute, 16:00etan hasita (izenematea ordubete lehenago, plazan bertan). Zapatu goizean (09:00) kadete eta gazteen txanda izango da. Eta domekan (16:00) senior eta eliteak lehiatuko dira. Gainera, gurpildun aulkian daudenek saskibaloi erakustaldia ere egingo dute.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak