Arrasate Errugbi taldeak bailarako topagune izateko lan egingo du

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 3a, 15:37

Atzo, martitzena, Ohiko Batzar Orokorra ospatu zuen Mojategin, eta amaitu berri den ikasturtea errepasatu eta hurrengorako helburuak ezarri zituen bertan. Oro har, agintari zuri-moreek pasa den urteari buruz balorazio "oso positiboa" egin zuten. Datorren denboraldiari begira, bestalde, Arrasate Errugbi Taldea bailarako topagune izatera iristea ipini zuten helburu moduan.

Deialdiak bazkide gehiegirik erakarri ez arren, bildutakoek luze eta zabal hitz egin zuten amaitu berri den denboraldiaren inguruan, eta klub zuri-moreko agintariek datorren ikasturteari begira ezarritako helburuen berri eman zuten. Oro har, giro ona izan zen nagusi batzar osoan zehar, eta Ramon Barrutia buru duen Zuzendaritza Batzordeak inongo arazorik gabe atera zituen aurrera gai-zerrendako puntu guztiak.

Ekonomikoki "osasuntsu"

Arrasate Errugbi Taldeak 30.000 euro inguruko aurrekontua izango du datorren denboraldirako. Hiru izango dira diru-iturri nagusiak: jokalariek ordaintzen dituzten lizentziek aurrekontuaren herena suposatzen dute; babesleen ekarpenak, beste herena; eta Garagardo Azokatik ateratako mozkinek, gainontzekoa. Ramon Barrutiak jakinarazi zuenez, Arrasate Errugbi Taldea ekonomikoki "osasuntsu" dago eta, aurten ere, aurreko denboraldietako xede berdinari heldu dio: diru-sarrerak baino kopuru handiagorik ez gastatzeari, alegia.

Errugbi zale guztien topagune

Dena den, arlo ekonomikoaz aparte, atzoko batzarrean kirol esparruari buruz ere jardun zuten bildutakoek.  Agintari zuri-moreak pozik azaldu ziren amaitu berri den denboraldian egindako lanarekin, eta hurrengoan bide beretik jarraitzea da euren asmoa. Zentzu horretan, Arrasate Errugbi Taldea bailarako "erreferente" izatera ailegatzea finkatu dute erronka gisa, "inguruko herrietako jendea erakarriz eta errugbizale guztien topagune bilakatuz".  

Testuinguru horretan, Barrutia eta konpainiak 2013-2014 denboraldian kirol egitura aurtengoaren berdina izango dela aurreratu zuten atzoko batzarrean: "Igor Isasik jarraitu du izaten lehen taldeko entrenatzailea eta, jokalariei dagokienez, ohikoa den moduan joan-etorriren bat egongo bada ere, iazko blokeari eutsiko diogu".  Gogoratu beharra dago lehen taldea Euskal Ligan lehiatuko dela, eta Igor Isasiren aginduetara jubenil mailako jokalariak ere egongo direla.

Harrobiaren esparruan sarrailagileek Hernanirekin jarraituko dute elkarlanean, eurekin duten harremana "oso ona" delako. Errugbi Eskolaren lanari ere eutsiko dio klub zuri-moreak eta, atzo aurreratutakoaren arabera, litekeena da entrenamendu egunetan aldaketaren bat edo beste egotea. Aurreikuspenen arabera, kimuetan zortzi jokalari izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak; bederatzi, infantil eskolarretan; eta launa, federatutako infantil eta kadeteetan.

Datorren denboraldirako berritasunak

Euskal Errugbi Federazioak ospatutako azken Ohiko Batzar Orokorrean egindako azken iragarpenen berri ere eman zuen atzoko bileran Zuzendaritza Batzordeak. Antza denez, batzar horretan erabakitakoaren arabera eta orain arte gertatzen ez zen bezala, Kantabriako ekipoek ez dute parte hartuko Euskal Ligan datorren denboraldian; arrazoi ekonomikoak daude erabaki horren atzean, aditzera emandakoaren arabera. Gauzak horrela, Isasiren mutilek Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ekipoen kontra neurtuko dituzte indarrak hurrengo ikasturtean.

Bestetik, Nazional mailako gorabeherak ere izan zituzten hizpide atzo Mojategin bildutakoek. Azaldu zutenez, litekeena da arazo ekonomikoen ondorioz, hainbat taldek Nazional mailan lehiatzeari uko egitea. Horren ondorioz, Euskal Ligako maila nabarmen igoko litzateke, eta baliteke federazioa egutegia moldatzera behartuta egotea ere.  Aurreikuspenen arabera, urriko hirugarren astean hasiko dira lehiatzen Euskal Ligako taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak