Uztailaren 6an eta 7an estreinatuko dute ‘Bergara 1936, gerra eta errepresioa’ DVDa

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 27a, 18:10

Intxorta 1937 Kultur Elkartean memoria historikoa berreskuratzeko lan sakonean buru belarri dihardute. Memoriari bizia ematen jarraitzen dute, besteak beste, eta dokumental berri bat aurkeztuko dute martitzenean: Arrasate eta Leintz aldeko gerrako bizipenak DVDan jaso eta gero, Bergarako historiari iritsi zaio orain txanda.

Udalaren eta Jaurlaritzaren lagntzarekin Bergara 1936. Gerra eta Errepresioa dokumentala kaleratuko dute herriko testigantzekin. 

Datorren asteburuan, uztailaren 6an eta 7an, izango da estreinua: 20:00etan Zabalotegin izango da ikusteko aukera.

Nagusienek gogoratzeko eta gazteenek ezagutzeko

Bergara 1936: Gerra eta Errepresioa, hori izenburua; eta bertan jasotzen diren gertakariak, Bergarako nagusientzat aski ezagunak: faxisten sarrera, Arrasateko errepublikazale baten fusilamendua, Ariznoa ikastolako liburuen erreketa, Osintxuko zazpi presoak… Nagusienek gogoratu eta gazteenek ezagutzeko aukera izango duten eszena gogor horietako batzuk dira. Memoria historikoa, iruditan erakutsia.

Grabaketak martxoan egin ziren Bergaran eta Elgetan, eta 23 bergararren testigantza hunkigarriekin osatuko dute dokumentala; aurrez aurre ikusitakoaren testigantza mingotsak, haur edo gazte zirenekoak.

Milizianoak, gudariak, faxistak, herritarrak… Bergarako herriari 1936an zuen itxura emanez egindako grabaketen emaitza  ikusteko aukera egongo da Intxorta 1937 Kultur Elkarteak bultzatutako dokumentalean. Hurrengo asteburuan estreinatuko dute eta DVD erosteko modua ere egongo da.

Estreinu egunaren aurretik, hedabideen aurrean aurkeztuko dute datorren martitzenean, uztailak 2. Bergarako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko ordezkariak egongo dira bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak