Antonio Irazolak "Bergararen eta Euskal Herriaren alde egindako lan handia" azpimarratu dute

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 26a, 15:26

Bergarako Udal Gobernu Taldearen izenean, Jesus Elortzak ekarri zuen gogora Antonio Irazolaren lana, astelehenean egindako osoko bilkuran. Abertzalea eta langile mugimenduarekin inplikatua, lan handia egin zuen kooperatiben munduan eta herrigintzan, eta bera izan zen frankismoaren ondorengo lehen ikurrina jaso zuena, Bergaran, Jose Luis Elkoro alkate zela. Antonio Irazola egubakoitzean hil zen, 88 urte zituela, eta astelehenean egin zituzten haren aldeko hileta elizkizunak, Bergaran.

Bergarako udaletxeko balkoian ipini zen lehen aldiz ofizialki ikurrina, 1977ko urtarrilaren 19an, San Sebastian egunaren bezperan, eta zendu berri den Antonio Irazola zinegotziak izan zuen jasotzeko ohorea, Jose Luis Elkoro alkate zela; Elkorok lideratutako alkateen mugimenduak berebiziko garrantzia izan zuen trantsizio garaian, ikurrina legeztatzearen auzian, besteak beste. 

1966an, frankismo gorrian, sartu zen Antonio Irazola udalean zinegotzi, orduko sistemak uzten zuen zirrikitu batetik: tertzio familiarra. Poliki-poliki, beste batzuk ere sartu ziren, eta Bergarako Udalean gehiengo aurrerakoi eta abertzalea izatera heldu ziren; 1976an Jose Luis Elkoro alkate bihurtu zen. 

Irazola 11 urtez izan zen zinegotzi Bergarako Udalean: Jose Luis Elkororekin egon aurretik, Luis Laskurain alkate zela ere jardun zuen egiteko horretan.

2010ean, Pazkoei hasiera emateko txupinazoa bota zuen. 

"Galera handia"

Astelehenean, hilak 24, Bergarako udaletxean egindako osoko bilkuran, gogoan izan zuen Jesus Elortzak –egun horretan utzi zuen alkate kargua–: "Zinegotzi abertzalea izan zen, Francoren garaian, eta lan handia egin zuen Bergararengatik eta Euskal Herriarengatik. Galera handia izan da bere heriotza", esan zuen Elortzak, eta doluminak eman zizkien haren senitartekoei, Udal Gobernu Taldearen izenean. 

Antonio Irazola Altuna Saizabal, Bergarako Aritzeta auzoko Sagastizabal baserrian jaio zen 1924an. Abertzalea eta langile mugimenduarekin inplikatua, lan handia egin zuen kooperatiben munduan eta herrigintzan.

Ahotsak-eko Itziar Alberdik elkarrizketa egin zion 2005ean eta hainbat pasarte dago entzungai, webgunean: Seminarioko kontuak, baserriko bizimodua, ehungintzaren bilakaera Bergaran, Francoren garaiko politika herrian…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak