Honek badu uda itxura!

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 14a, 17:00

Debagoieneko igerilekuak gertu daude uda denboraldiari ekiteko. Bergaran, esaterako, goizean zabaldu dituzte Agorrosin kiroldegiko kanpoko igerilekuak. Bergara izan da lehena, baina bailarako beste herri batzuetan ere asteburu honetan abiatuko dute udako denboraldia: bihartik, zabalik izango da, Aretxabaletan eta Eskoriatzan; Oñatiko Usakon, hilaren 22an irekiko dute; eta Arrasaten, Sanjuanen ostean, 25ean, zabalduko dituzte kanpoko igerilekuak.

Aldeko eguraldiaren laguntzarekin, goizean ireki dituzte Agorrosingo kanpoko berdegunea eta igerilekuak; izan Bergarako nahiz kanpoko, eguzkitan egon nahiz uretan freskatu nahi dutenek ez dute, beraz, aitzakiarik. Aurtengo nobedade nagusia Agorrosingo tabernaren antolaketa berria da, terraza bi zatitan banatu dute-eta; eta berrikuntzez gain, aurreko urtean martxan jarri zuten hamakak gordetzeko tokia mantendu egin dute eta liburutegi zerbitzuak ere jarraituko du.

Aretxabaleta eta Eskoriatzan, bihar

Aretxabaletako Ibarra kiroldegian, bihar zabalduko dute uda denboraldia, eta irailaren 15era arte egongo da zabalik. Prezio eta ordutegi berria izateaz gain, zenbait ikastaro izango dira eta baita eguzkia hartzeko aukera ere, lehen aldiz, gainera. Izan ere, kiroldegiaren berdegunea eguzkia hartzeko eta jolasteko prest dago, hamaka eta guzti.

Eskoriatzan ere bihar zabalduko dute kanpoko igerilekua, jokoetarako gune berriarekin: ping-pong mahaiak, badminton gunea, mahai-futbola eta bestelako jokoak jarriko dituzte herritarren eskura.

Oñatin 22an, eta Arrasaten 25ean

Oñatiri dagokionez, kanpoko igerilekurik ez, Usako dute bainurako leku oñatiarrek. Hor ere bihar irekiko dute bainu denboraldia eta, azken urteetan bezala, soroslea egongo da arratsaldetan.

Bailarako azkenak zabaltzen Arrasateko igerilekuak izango dira. Ekainaren 25ean irekiko dituzte kanpoko igerilekuak, aurreko urteetan baino astebete beranduago. San Juan jaien ostera atzeratu dute irekiera, jai egun horietan erabiltzaile oso gutxi egoten delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak