'Peter Pan' musikalaren bertsio moldatua Bilbon

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 14a, 14:18

Bihar, zapatua, Bilboko Gau Zuria egitarauaren barruan Euskalduna ondoan dagoen Itsas Museoan erakutsiko dute Bergarako Musika Eskolakoek Peter Pan musikala. Ez da ohiko emanaldia izango, zati musikalekin osatutako laburpen bat baizik. Sarrera debalde da, 20:25ean zabalduko dituzte ateak.

Jolasparkeetan erabiltzen duten formula oinarri hartuta, 20:30etatik 00:30era, museoan ordu laurdenero sartuko den ikusle-talde bakoitzak, sei eszena ikusteko aukera izango du; bestela esanda, aktore bakoitzak, bost minutuko lan-saioak eta hamar minututako atsedenaldiak tartekatuko ditu. Bitxikeria moduan, esan behar da Aitor Agirianok (Peter Pan) musikalaren amaieran egiten duen hegaldia, 12 aldiz egin beharko duela.

Sei gunetan banatuta

Museoko sei gunetan banatuko dira aktoreak taldeka, bakoitzak musikalaren pintzelada bat antzeztuta. Museoaren kanpoan dauden itsasontzi eta bestelako itsas-tresnen artean piratak izango dira, besteak beste, ikusleen ilara luzea entretenitzea izango dute helburu. Museoaren barruan, berriz, bakoitza areto batean kokatuta izango dira: Darling familia, ume galduak, sirenak, piratak eta indioak. Aipagarria da, Wendy pertsonaia bikoiztu egin behar izan dutela une berean bi gunetan antzezteko.

90 laguneko lantaldea

Goizean abiatuko da Bergaratik aktore eta talde teknikoak osatutako taldea autobusean Bilbora; oraingoan ez dira, musikariak joango, aurrez grabatutako soinua izango du-eta musikalak oinarri. "Antzezpen aldetik zailtasun berezirik ez duen arren, formatu horrek duen ordutegi zurrunarekin, gune guztiak ondo koordinatzea da gakoa eta horretan saiatuko gara goizetik joanda" dio Valen Moñuxek, musikaleko zuzendari artistikoak. Moñuxek gaineratu du, muntaketa lan handirik ez dutela egingo eta Darlingen gela eramango dutela bakarrik: "Oraingoan tramoiarien lana, ikusleak areto batetik bestera gidatzea izango da eta normalean ezkutuan egiten badute lana, oraingoan bistara eta mozorrotuta izango dira".

Artistendako hegaldi berritua izango da, baina duten ilusioak eta eskarmentuak lagunduko die  seguru, bilbotarrak txunditzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak