Lehen saria eskuratu du Lazpiurrek Makina Erreminta eta Fabrikazio Teknologien Biltzarrean

Ubane Madera 2013ko eka. 14a, 10:58

"Oso pozik gaude, eta sasoi honetan, bereziki, asko eskertzen dira halako errekonozimenduak". Halaxe baloratu du Bergarako Lazpiur enpresako ingeniari Gorka Buruagak gaur eskuratuko duten sariaren balioa. Miguel Lazpiur ugazaba bera eta proiektuan lanean ibili direnak joango dira saria jasotzera Miramongo parke teknologikora, 13:00etan. Labur esanda, mozketak egiten duen laser bidezko makina batengatik eman diote saria Makina Erreminta eta Fabrikazio Tekonologien Biltzarrean Bergarako enpresari. 

"Makinak lau laser ditu eta ematen zaion materiala modu azkar batean mozten du. Helburua, baina, fruta kaxak egitea da. Iaz sortu genuen, bezeroen eskaeren arabera. Zaila izan zen egitea, baina lortu genuen eta bezeroa oso pozik geratu da", kontatu du Gorka Buruaga ingeniariak.

Ikasi eta berritu

Eta orain poztasun hori Lazpiur enpresara ere zabaldu da, Donsotiako kongresuaren errekonozimenduaren bitartez. "Sariak berak ematen duen poztasunaz gainera, halakoekin guk asko ikasten dugu. Izan ere, makina bat egiteko eskaera jasotzen dugunean, ez dakizkigu haren nondik-norakoak, eta egitea lortzen dugunean (normalean lortu egiten dugulako) bidean asko ikasten dugu; beraz, oso aberasgarria da eta berrikuntzan aurrera egiten dugu", gaineratu du Buruagak.

Gaur, amaiera

Eguaztenean, ekainaren 12an hasi zen makina-erremintaren gaineko biltzarra Miramongo parke teknologikoan, eta gaur bukatuko da. Lazpiurrekin batera, bertan parte hartu dute, besteak beste, Fagorrek, Mondragon Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Tecnaliak eta IK4-Teknikerrek. Hain justu ere, Lazpiurren makina saridunaren fabrikazioan Eibarko azken enpresa horrek ere parte hartu du. Ez da lehen aldia makina erreminten kongresuan Lazpiur enpresak egindako lana saritzen dutena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak