Entrenatzaile eta koordinatzaileei formazioa eman (euskara, adimen emozionala, ingurumena...), topaketak egin, umeei zuzendutako hitzaldi eta saioak eskaini... askotariko arloak landu dituzte egitasmoaren barruan.
Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara eta Oñatik parte hartzen dute egitasmoan –bailarako futbol eskola guztiek– eta herri guzti horietako alkateak nahiz Kirol eta Euskara zinegotziak daude gonbidatuta zapatuko ekitaldira. Zapatuan, 10:00etatik 13:00etara egingo da topaketa. Denbora tarte horretan, partiduak jokatuko dira uneoro, 15 baino gehiago, eta Mojategiko bi futbol-zelaiak beteta egongo dira. 11:00etan, geldialdia egingo dute: Udal ordezkariek hitza hartuko dute eta, segidan, sari banaketa egingo da; saria eta sari-banatzaileak sorpresa izango dira.
Kirola Euskaraz programa iazko azaroaren 18an aurkeztu zuten Bergaran, Ipintzako futbol-zelaian. Bailarako futbol eskoletan dabiltzan 500 gaztetxok hainbat partidu jokatu zituzten, euskara, errespetua eta talde lana, besteak beste, oinarri hartuta. Abenduan, Aretxabaletan elkartu ziren, eta orain, Arrasate aukeratu dute bukaera-jaialdia egiteko, Mondraren 100. urteurrena ere badelako.